Gipuzkoako Foru Aldundiaren onarpena jasota, urrian hasiko dituzte Errekalde eta Galarreta elkartuko dituen bidegorria egiteko lanak. 4.651.572 euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta aurreikuspenen arabera, obrak hasi eta 15 hilabetetara amaituta egongo da bidea.
Lanek irauten duten denbora tartean, ordea, txikia izango da trafikoan sumatuko den eragina. Aldunditik jakinarazi dutenez, bi errailak zabalik mantenduko dituzte momentu gehienetan, eta txandakako pasabideak egiteko «zirkulazio txikiko ordu tarteak» baliatuko dituzte.
Proiektu honen bidez, Donostiarekin eta Lasarterekin lotuta geratuko da Hernani, oinezkoentzat eta bizikletentzat aproposa izango den bide batekin. Izan ere, Aldundiaren helburua «mugikortasun jasangarria» sustatzea da: «Bidegorri berriak lotura arina sortuko du garraiobide desberdinen artean, eta zirkulazio segurua bermatuko du».
Udalaren eta Aldundiaren arteko lankidetza, proiektua amaitzeko
Bidegorri berriak 1.240 metroko luzera eta 3 metroko zabalera izango du, GI-2132 errepidearekiko paraleloan. Errekalden hasi eta Ekoguneko irteera pasata dagoen zerrategian amaituko da Aldundiaren proiektua; hortik aurrerakoak Hernaniko Udalaren esku geratuko dira.
Izan ere, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen baten barruan doa bidearen azken zatia; zerrategitik Galarretako biribilgunera geratzen diren 250 metroak, hain zuzen. Dena den, azken zati horren finantzaketa ere Aldundiaren esku dago.
Bide segurua eta argiztatua
Erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, bidegorri berria galtzadatik hormigoizko hesien bidez bereizita egongo da, eta 52 argi puntu izango ditu.