Arratsalde bikaina izan zen ostiralekoa Hernaniko pelotarientzat. Zaleen aurrean final laurdenetako lehenengo hiru partiduak irabaztea lortu zuten, eta abantaila ederra lortu dute datorren astebururako.
Kadete mailan nagusitasunez irabazi zuten Oier Arsuagak eta Lier Zugastik. Hasieratik bukaerara Zaldibiako bikotea baino gehiago izan zen Hernanikoa, eta 22-7 izan zen azken emaitza.
Jubenilek ere 22-7 irabaztea lortu zuten. Kasu honetan, Ekhi Oses kadeteak eta Oier Azpeitiak jokatu zuten partidua. Kategoria bat gorago aritu zen Oses, baina bertan ere agerian utzi zituen bere dohaiak.
Azkenik, Nagusien mailako partidua izan zen guztietan gogorrena. Xabi Apaolazak eta Markel Lizeagak gogotik izerditu behar izan zuten garaipena eskuratzeko. Oso partidu berdindua izan zen azken tantoetara arte, baina une erabakigarrietan ederki aritu ziren hernaniarrak, eta 22-18 irabaztea lortu zuten azkenean.
Kanporaketa ondo baino hobeto bideratu du Hernanik, eta sorpresa haundirik ezean, finalerdietan egongo da. Zaldibian partidu bakarra irabaztea nahikoa izango da horretarako. Itzuliko norgehiagokak datorren asteburuan jokatuko dituzte.