Pixkanaka gerturatzen ari da udara, eta eguraldi onarekin batera festa giroa iritsi ohi da Hernanira. Auzoetako festen lehenengo katebegia jartzen du Osiñagak, eta aurtengoan ere egitarau dotorea prestatu dute jaiak ospatzeko.
Azken urteetan egin duten modura, bertso afari baten bueltan elkartuko dira gaur iluntzean. Festak hasi baino astebete lehenago giroa berotuko dute Eñaut Martikorena eta Nerea Elustondo bertsolariek, Itxas Buru sagardotegiko menu ederraz gozatu bitartean.
Ekainaren 7an hasiko dira ofizialki jaiak, bizikleta martxaren ondoren egingo duten txupinazoarekin. Festa giroa ziurtatuta egongo da Harriatxu eskolako inguruan, eta goizaldera arte luzatuko da parranda. Iazko arrakasta ikusita, afizionatuen II. dantza suelto txapelketa egingo dute Itzal taldearen kontzertua amaitzean.
Igandean ere martxa ederra izango dute Osiñagan. Bertso-pelota ikuskizuna izango da eguneko jarduera nagusia. Oinatz Bengoetxea eta Mikel Olazabal arituko dira nor baino nor, Unai Agirreren eta Aitor Mendiluzeren laguntzarekin.
JAI BATZORDEAREN AGURRA Osinagako jaietan ze giroa ze gustora etorri zaitezte auzora jaiaren zurrunbilora urtero urtero bezala lagunarte eder goxora lagun berri bila edo lagun zaharren ondora erre dezagun alaiki gure barruko polbora mundu guztia poz pozik nola ez etorri gora hain giro zoragarria ezin da utzi albora disfrutatzen gaudenean azkar joaten da denbora |
OSIÑAGAKO JAIAK HERNANI GAUR 20:30 Bertso afaria Itxas Buru sagardotegian. Bertsolariak: Nerea Elustondo eta Eñaut Martikorena. EKAINAK 7 10:30 Bizikleta bira auzoan zehar. Ondoren hamaiketakoa izango da Arriatsun. 12:00 Txupinazoa eta haur jolasak. 14:00 Bazkaria guretzat. 18:00 Herri kirol saioa. Ondoren taula exibizioa motozerrarekin. 19:00 Bertso saioa. Ondoren sagardo dastaketa. 21:30 Auzo afaria Arriatsun. 00:30 Dantzaldia Itzal taldearekin. Ondoren Afizionatuen II. dantza suelto txapelketa. EKAINAK 8 12:00 Gazteen arteko pelota partiduak. 13:00 Bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Unai Agirre. 14:00 Bazkari herrikoia Arriatsun. Euskal Parrilakoek prestatuta. 18:00 Bertso pelota: Oinatz Bengoetxea - Mikel Olazabal. Unai Agirre eta Aitor Mendiluze bertsolariekin. Ondoren trikitilari gazteak. *Arriatsun izango dira jarduerak. |