Ekainaren 8an egingo dugun ibilbidea Kintoko baso magikoko eremuetan kokatzen da. Basoa Nafarroako ipar-mendebaldean kokatuta dago, Baztan, Erro, Esteribar eta Aldudeseko haranetan. Haren izena datorkio Errege Nafarrek Erdi Aroan larreak eta mendiko baliabideak aprobetxatzeagatik ipintzen zuten zergatik. Kintoko basoa Europako pagadi garrantzitsuenetako bat da, eta erabateko erreferentzia Nafarroan. Ezin denez ustiatu, fauna eta flora aberatsa kontserbatzen ditu. Ugaztunen artean, basurdeak, orkatzak eta, bereziki, oreinak nabarmentzen dira. Azken horiengatik jende asko hurbiltzen da basora udazken hasieran, 'berrea' entzutera. Araldian, orein arrak elkarren aurka borrokatzen dira, arra nagusi bihurtzeko. Borrokaren aurretik, inguruan kilometrotara entzuteko moduko oihuak igortzen dituzte. Soinu horri 'berrea' esaten zaio, eta oso fenomeno bitxia da.
Gure ibilbidea Fernando Aire Etxart 'Xalbador' jaio zen Urepele herritik hasiko da. Xalbador bertsolari liriko eta poetikoa izan zen, bizitza, familia, baserria, fedea eta natura izan zituena bertsoetako gai, gehienetan melankolia puntu batekin. Famatua da 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian bota zuen bertsoa. Manuel Olaizola Urbieta 'Uztapide' zestoarrarekin batera, txapela lehiatzeko azken fasera pasatzeko aukeratu zuen epaimahaiak. Erabakia ez zitzaion ikus-entzuleen zati bati ongi iruditu, eta oihuka eta txistuka hasi ziren. Beste zati handi batek, ordea, txalotu egin zuen. Giroa baretu zenean, eta Uztapidek bere bertsoa bota ondoren, Xalbadorrek honakoa bota zuen:
Anai-arrebok, ez, otoi, pentsa
neu're gustora nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik.
Zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat ez nik,
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet orainik.
«Zuek ezpazerate kontentu, errua ez daukat ez nik» esaldira heltzean, bat-bateko txaloaldia sekulakoa izan zen, eta Xalbador tarte batez isilik geratu zen. Txaloak amaitzerakoan bere bertsoko azken lau lerroak kantatu zituen, eta orduan eromena izan zen. Bertso horrekin, Xalbadorrek ikus-entzuleen arteko bi muturrak elkartzea lortu zuen. Bere jatorrizko behe-nafarrera alde batera utzita, entzule gehienen euskalkian, gipuzkeraz, moldatu zuen bertso hori, eta horrela guztien bihotzetara heltzea lortu.
Hona hemen bertsoaren helbidea Youtuben: www.youtube.com/watch?v=Qss6RQpfEdE.
Xalbadorrek Uztapiderekin zuen adiskidetasuna dela eta, 2023. urtean Zestoa eta Urepele arteko senidetze akordioa sinatu zuten. Honela dio akordioak: «Uztapide eta Xalbador euskal kulturaren erreferentzia nagusi izanak eta biek zuten adiskidetasuna gaurko egunera ekarriaz, bi herrien laguntasuna bultza eta eraiki nahi dugu gure kultura, gure hizkuntza eta gure lurrarekiko lotura eta onura bultzatzeko. Senidetzeak, udalerrien arteko kultura trukea sustatzeko zubiak eraikiko ditu bi komunitateen aniztasuna eta ezagutza aberasten lagunduko duten kultura jarduerak antolatuz. Garapen ekonomikoan ere elkar laguntzeko eta esperientziak partekatzeko aukerak sortu nahi dira».
Beraz, Mendiriz Mendik ipar eta hego aldeko bi herri xume, baina garrantzitsu horiek sinbolikoki elkartuko dituen ibilbidea antolatu du. Ibilaldi honekin Red Ceroko kideak ere omendu nahi dira. Bigarren Mundu Gerran Euskal Herriko Pirinioetan aliatuak Portugalera pasatzeko eratu zen ihes-sareari deritzo Red Cero. Parte hartu zuten pertsona guztiak (mugalariak, logistikaren arduradunak, aterpetxeetako jabeak eta abar) gogoratzeko eta memoria historikoa bizirik mantentzeko muga zeharkatzen duten mendiko irteerak antolatzen ditu noizbehinka Mendiriz Mendik. Ekainean egingo duguna, horietako bat da.
Sare horretan laguntzen parte hartu zuen horietako bat Paquita Bretos izan zen. Irteera honekin bere ekarpena omendu nahi da. Paquitak oso bizitza gorabeheratsua izan zuen, film baten gidoiaren modukoa. Bere gurasoak Gerra Zibilean errepresaliatuak izan ziren bere ideia errepublikanoengatik. Bere ama irakaslea zen, eta kartzelan amaitu zuen. Aita, komunista, Pasaian fusilatu zuten. 1937an Durangoko bonbardaketa sufritu zuen. Handik Nafarroako ipar aldera etorri ziren eta mendian ibiltzen hasi zen. Zaletasun horri esker mugako bideak eta mendiak ondo ezagutzera iritsi zen. Ezagutza horretaz baliatuz, ihes-sareekin eta nazismoaren aurkako erresistentziarekin kolaboratu zuen, mugaren alde batetik bestera aliatuak pasatzeko. Frankismoaren aurka borrokatzen zutenei ere lagundu zien. Mendiari buruz zuen ezagutzari esker, gainera, ekonomikoki biziraun ahal izan zuen kontrabandoarekin.
Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, artean gaztea zela, berrogeiko hamarkadaren amaieran, beste gazte batzuekin mendira irteten hasi zen, bere bizitzako pasioa hori izango zela argi utziz. 90 urterekin mendira joaten jarraitzen zuen. Ez zuen igande bakar bat ere barkatzen. 96 urterekin hil zen, Nafarroako mendiko federatu zaharrenetakoa zelarik.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
Ibilbidea Urepele herrira iritsi baino bi kilometro lehenago hasiko dugu, Otholasto Eihera errotan. Lohitzeko errekaren beste aldera pasa ondoren, errekari jarraituz, Urepelera hurbilduko gara. Bertan Gaztarrenea baserrira doan pista hartu behar da. Baserria pasa eta igotzen jarraitu behar da 4 kilometro inguru, Korrotako lepora iritsi arte. Bertan soro eta borda batzuk topatuko ditugu. Eki aldera eginez Isterbegi (1.027 m) gailurrera igo behar da, soro batetik gora eginez. Gailurrean Frantzia eta Espainiako mugan izango gara. Ibilbideari jarraitzeko, hego aldera eginez, beste aldetik jaitsi behar da aska bat eta borda bat dituen lepo batera iritsi arte.
Lepo hori pista ugariren elkargunea da. Guk norabidez aldatu eta ipar-eki aldera jaisten den pistari jarraitu behar diogu. Zig-zag eginez, ia 300 metroko desnibelarekin, borda batera jaitsiko gara. Zertxobait aurrerago Cuarenta erreka zeharkatzea ahalbidetzen duen zubiarekin egingo dugu topo. Erreka zeharkatu eta baserri batera iritsiko gara. Bertan ezkerrera egin eta Cuarenta errekari jarraitzen dion bide bat hartu behar da. Bide horrek kilometro eskasean Quinto Realen utziko gaitu. Errepidetik beste kilometro inguru eginez ibilbidearen amaiera den Urkiagako lepora iritsiko gara.
UREPELE-URKIAGA DATU INTERESGARRIAK: Kokalekua: Behe Nafarroa eta Nafarroa Eguna: Ekainak 8, igandea Luzera: 12 kilometro Denbora: 4 ordu Desnibela: 900 metro inguru Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Beharrezko materiala: |