Bihar goizean izango du denboraldiko lehenengo proba Hernaniko 'Maialen' txalupak, Gipuzkoako Traineru Txapelketan. Goizeko 10:30etan uretaratuko dira traineruak Orion, eta ETE ligari ekin aurretik indarrak neurtzeko aukera paregabea izango da arraunlarientzat.
Asier Ocon entrenatzaileak argi du kluba «norabide aproposean» doala, eta orain arte egindako lanari sekulako balioa eman dio: «Batel eta trainerilla ligak gure prestaketarako osagarri onak dira. Neskek lehia onak osatu dituzte, eta lortutako emaitzak azpimarratzekoak dira».
Aurtengo denboraldiari dagokionez, «gogorra» izango dela adierazi du entrenatzaileak, eta argi du helburua «aurrera egiten jarraitzea» dela: «Arraunlari oso gazteekin ari gara lanean, eta horrek esan nahi du fruituak ez ditugula berehala jasoko». Hala ere, konfiantza du bere arraunlariengan: «Lan polita egingo dugula ez dut inolako zalantzarik. Nire ustez, laugarren bosgarren postuaren bueltan ibiliko gara. Hortik gora lortzen dugun guztia, ongi etorria izango da».
Harrobia, Hernaniren indargune
Beste urte batez, harrobia lantzen eta etxeko arraunlariak trebatzen jarri ditu indar gehienak Hernaniko Arraun Elkarteak. Oconek zehaztu du horixe dela «proiektuaren oinarria»: «Etxeko arraunlariekin traineru indartsu bat osatzea da gure kirol proiektuaren oinarria. Horregatik, harrobian inbertitzen dugu. Prozesu hori ez da gauetik goizera lortzen; eboluzio baten ondorioa da».
Hemezortzi estropada eta zortzi aurkari
Aurtengo ETE ligan ondorengo zortzi taldeen aurka lehiatu beharko du Hernanik: San Juan, Portugalete, Camargo, Zarautz, Kaiku, Isuntza, Ondarroa eta Deusto.
Ekainaren 21ean hasiko da liga, eta hamasei estropada jokatuko dituzte abuztuaren 23ra arte. Uztailaren 19an Hernaniko Arraun Elkarteari dagokio estropadaren antolaketa, baina Orion izango da proba.
Ligaz gain, Irailaren 3an Kontxako banderako sailkapen estropadan arituko da 'Maialen'.