Emakume sortzaileek egindako lanaren aitortza, Preludioko ardatza

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 30a, 00:00

Udaletxeko eskaileretan Preludioko partehartzaileak.

Espazio publikoa irabazteko egindako lana aitortuko dute eta aurten 190 parte-hartzaile inguru izango dira ekainaren 14ko emanaldian.

 

Sanjoanak iragartzeko Preludioak 30. urteurrena beteko du aurten. Herriko festen iragarpen kontzertu hau «Hernaniko kultur eragileen elkarlanaren isla ederra» dela aitortu du Aitor Huizi Kultura zinegotziak. «Garenaren ispilua da, baita iraganaren eta etorkizunaren islada».

190 parte-hartzaile inguru izango ditu aurtengo Preludioak: Hernaniko Musika Banda; Hernani Musika Eskolako eskusoinu taldea, txalapartariak eta abesbatza; Hernaniko txistulariak; Kantuz, Ozenki eta Goiz Eguzki abesbatzak; San Joan konpartsa; Ttarla dantza taldea; Ainhoa Usandizaga dantzaria eta, Maialen Lujanbio, Maite Larburu, Nahia Valle, Iosune Marin, Uxue Sansiñena eta Marion Desjacques gonbidatuak, besteak beste. Asteartean parte hartuko dutenak elkartu eta entsegua egin zuten.

Preludioa ekainaren 14an izango da, 22:30etan, Gudarien plazan (euria eginez gero, Atsegindegin). Aurtengoan, Judith Montero musikariak sortu eta zuzendu du emanaldia.

 

Emakumeek espazio publikoa bereganatzeko egindako bideari aitortza

«Aurtengo proposamenaren helburua emakumeek kulturan, musikan, dantzan eta bertsolaritzan izan duten paperari erreparatzea da, beraiengan fokua jarriz», azaldu du Judith Moreno musikari eta Preludioaren zuzendari musikalak. «Emakume inspiratzaileak erdigunera ekarri eta sortzaile izateko, publikoki entzunak izateko eginiko bidea erakutsiko dugu».

Hernaniko Udalak ere argi du emakumeek egindako bidea eta lana aitortu behar dela. Huizi Kultura zinegotziak adierazi duenez, «kontuan izan behar dugu oholtza eta bizitza publikoa gizonen eremua izan dela gure herrian ere, eta azken hamarkadetan geratu den aldaketa soziologiko eta artistikoa aitortu, ikusarazi eta islatu behar dugu eremu honetan ere. Emakumeen errelatoa kontatu egin behar da».

Monteroren arabera, «emakumeok espazio publikoa irabazteko borrokatu egin behar izan dugu. Eta sortzaileen paperak berebiziko garrantzia du kontakizun horretan: norberaren mundu ikuskera kontatzen baitu. Emakumeon errelato kolektiboa jaso, eraiki eta hedatu beharra dago etorkizun kultural interesgarriago eta justuago bat sortzeko».

Adibide gisa, Huizik eta Monterok azaldu dute Sanjoanetako Preludioaren 30 urteko ibilbide honetan, 294 obra inguru interpretatu direla. «Horietako 6tan bakarrik izan dira
emakumeak sortzaile edo moldatzaileak».

 

Ondarea, Preludioaren bigarren ardatza

Aurtengo Preludioa diseinatzerakoan, Judith Monterok beste helburu bat ere izan du: «Hernaniko ondare historikoaren berreskurapena».

Horrekin lotuta, aurten Isidro Ansorena txistulari hernaniarraren heriotzaren 50. urteurrena denez, “txistuari gizarte-prestijioa emateko egin zuen lana aitortzeko”, Birigarroa (Jon Ansorenak interpretatua) eta Jagoba Astiazaranek sortu duen Leokadisti suitea joko dira emanaldian. Alan Griffin musikaria ere izango da gogoan, Hernanirekin izan zuen harreman bereziarengatik. Haren bi pieza joko dira Preludioan.

Andreon martxa ere estreinatuko da bertan, euskaraz. Andreon Martxa sufragista ingelesen ereserkia da, 1910ean Ethel Smyth eta Cicely Hamiltonek sortua. Constance Gog, Lara Denies eta Marlies Hollevoet konposatzaile belgikarrek eurek egindako moldaketa Hernaniko Preludioan erabiltzeko baimena eman dute (Claudia Alduncinek moldatu du Bandarako) eta, Nere eta Maialen Lujanbiok euskaratu dituzte hitzak (eta Igor Arroyok moldatu abesbatzentzako).

 

Hernaniko emakume sortzaileen presentzia

Hernaniko emakume sortzaileek presentzia berezia izango dute Preludio honetan. Oholtza gainean izango dira Maialen Lujanbio bertsolaria; Maite Larburu musikaria; Anne Perez de Azpeitia konpositore eta Hernaniko Musika Bandako kidea, eta Nahia Valle kantaria.

Larburuk bere bi kanta kantatuko ditu: Maitatzea nondik balitz eta Gona, (Roberto Pachecok Preludiorako moldatuak). Olatz Zugasti ere presente izango dute Preludioan, hark
ikastoletako sortzaileen omenez egindako Bizirik gaudelako (Iñaki Urkizuk moldatua) ere abestuko baitute. Marion Desjacques harpistak interpretatuko du.

Anne Perez de Azpeitiak sortutako Dantzaharra ere joko da lehenengo aldiz Preludioan. Nahia Valle kantariak, berriz, Zea Maysen Elektrizitatea eta Negua joan da ta kantatuko ditu. Autengo sanjoanetan Zea Mays zuzenean entzuteko aukera izango da ekainaren 26an.

 

Udalaren konpromisoa, «emakumeen ekarpenak jaso eta sustatzen dituen etorkizun kultural baterako»

Preludioak, guztira, 16 pieza edo tarte izango ditu. Karla Ferreño eta Ainhoa Usadizagak aurkeztuko dute emanaldia eta zeinu hizkuntzan jarraitzeko aukera ere izango da. Lehenengo ilara ikuspen eta mugikortasun urritasunak dituzten herritarrentzako erreserbatua egongo da.

Judith Montero zuzendaria Miren Gojenolarekin aritu da eskuz esku lanean, hura izan baita Preludioaren zuzendari artistikoa.

Aitor Huizi Kultura zinegotziak adierazi du «aurtengo Preludioa ez dadin urte jakin bateko anekdota bilakatu konpromisoa» hartu duela Udalak, «etorkizuneko kultura izan dadin urtero-urtero ereiten dugun hazia, emakumeen ikuspegiak, grinak eta ekarpenek ere jaso eta sustatuko dituena. Horrek emaitza artistiko oparoak ekarriko dizkigu etorkizunean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!