Ohiko zigarroak edota tabakoarekin lotutako bestelako produktuak kontsumitzeari uztea, erabakirik onena da zure osasuna eta ingurukoena hobetzeko. Egunero egunero, pertsona askok lortzen dute tabakoa uztea, eta nahiz eta aspalditik izan erretzailea eta pentsatu zaila izango dela uztea, ziur zure bizitzan zehar egin diezula aurre egoera zailagoei. Garrantzitsuena da zure zalantzak analizatzea, eta modu positiboan planteatzea. Gogoratu erretzeari uztea desafio handia dela, aurre egin behar dioguna, betiere erabaki pertsonal bat izanik, gure bizitzako beste asko bezala.
Nikotinarekiko duzun dependentzia txikia izan arren, zure osasunerako gomendagarriena da uztea. Tabakoarekin ez dago kontsumo segururik. Nikotina eta tabakoarekin erlazionatutako produktuak kontsumitzeko modu guztiak dira arriskutsuak osasunarentzat: zigarroa, liatzeko tabakoa, zigarro elektronikoa, beroketa bidez kontsumitutako tabako produktuak, urezko pipa, puruak, porroak. Azkeneko urteotan, errealitatea da gazte asko hasten direla tabakoa kontsumitzen kalamuaren (cannabis) bitartez (porroak, kanutoak, blunt). Aurreneko pausoa izan ohi da.
Baina zergatik tematzen gara hainbeste erretzeari uztearekin?
Tabakoaren kontsumoak aldaketak eragiten ditu gure organismoan, bai zirkulazioari dagokionez, eta baita birikei dagokienez ere. Ixiltasunean ematen dira aldaketa horiek: hasieran ez dugu nabaritzen, urtetan modu nabarmenean eragiten digun arte. Beharbada eztul gehiago goizetan, behar baino gehiago luzatzen zaigun katarroren bat. Baina sintomak agertzen direnerako, kaltea dagoeneko presente dago gure organoetan, kasu gehienetan.
Adibide bezala aipatu genitzake minbizi mota ezberdinak, biriketakoa, eztarrikoa; baina baita giltzurrunetakoa, maskurikoa (minbizi honen %95a tabakoaren kontsumoak eragiten du), edota bestelako gaixotasun batzuk, azaldu edo kronifikatu egiten direnak: bihotzekoa, iktusa, bronkitis kronikoa, pneumonia, hanketako zirkulazio arazoak, giltzurrunaren funtzioetan kalteak, eta bestelakoak.
Gainera, tabakoaren kontsumoak:
-Azala goiz zahartzea dakar.
-Tabakoaren kea modu inboluntarioan jasotzen dutenak kaltetzen ditu, bereziki haurrak.
-Oso hondakin toxikoak sortzen ditu, etxeko altzarietan eta gainazaletan denbora luzez irauten dutenak.
-Inpaktu negatiboa dauka ingurumenean, zigarroek kolillak urtetan geratzen baitira degradatu gabe, eta kasu askotan itsasoan bukatzen dute. Kolilla bakarrak zortzi litro ur kutsatzen ditu.
Horrekin batera, kontuan hartu behar dugu zer nolako mesedea egiten diegun tabakoaren multinazional handiei, gure kontsumoarekin eta gastu ekonomikoarekin ahalbidetuz beraien irabazi handiak mantendu ditzaten, historian zehar izanik, beharbada, egungo egoeran izateko errudun nagusietakoak, mezu publizitario iruzurtiak eta gaiztoak zabalduz (zeinek ez ditu gogoratzen?).
Orduan, emango dugu pausoa? Erretzeari uztea erabaki baduzu, zorionak! Animatu aurreneko pausoa ematera, lortu dezakezu! Edozein metodo da baliozkoa, eraginkorra bazaizu.
Dena den, tabakoarekiko menpekotasuna kontrolatzeko zailtasun gehiago izan ditzaketen horientzat, Osakidetzak aukera ezberdinak eskaintzen ditu, betiere bakoitzaren lehentasun eta beharretara egokituta.
AURREZ AURREKO TRATAMENDUAK
Tabakismoa tratatzeko banakako programa: Lehen Arretako zure osasun profesionalaren bitartez, aukera izango duzu erretzeari uzteko banakako kontsultak egiteko. Galdetu zure osasun zentroan.
Tabakismoa tratatzeko talde programa: Uste baduzu lagunduko dizula zure esperientziak partekatzeak antzeko egoeran dauden pertsonekin, galdetu zure osasun zentroan noiz antolatzen diren taldeak.
TRATAMENDU EZ PRESENTZIALA
Erretzeari uzteko telefono bidezko laguntza: Ezin baduzu zure osasun zentrora joan, telefonoz lagunduko dizugu erretzeari uzten, egunean 24 orduz erabilgarri dagoen doako telefonoarekin: 944 00 75 73.
Gaur egun, finantzatutako tratamenduak daude, erretzeari uzteko. Une honetan, eskuragarri daude Zyntabac (Bupropión), Vareniclina eta Citisiniclina.
Tabakoaren xarmari mozorroa kentzea, aurtengo leloaMunduko Osasun Erakundeak deia egin du «tabakoaren eta nikotinaren industriaren taktikak agerian uzteko», aurtengo kanpainan.Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna da gaurkoa, maiatzaren 31; eta urtero bezala, bere kanpaina jarri du abian Munduko Osasun Erakundeak, egunarekin bat eginez. Aurtengoan, honakoa izango da kanpainaren leloa: «Kendu diezaiogun mozorroa tabakoaren xarmari, eta utzi ditzagun agerian tabako eta nikotina produktuen industriaren taktikak». Hain juxtu, horixe izango da kanpainaren helburua, ezagutzera ematea zein taktika erabiltzen dituzten enpresa horiek, kaltegarriak diren produktuei itxura erakargarria emateko. Bereziki gazteengan jarri dute azpimarra, eta aurre egin nahi diete tabakoaren industriak bilatzen dituen moduei, tabakoaren zakarkeria ezkutatu eta erakargarri egiteko: zapore berriak, usain eta gustu aldaketak, kolore eta forma erakargarriak... Gozokien edota marrazki bizidunetako pertsonaien itxura ere imitatzen dute zenbait produktuk, haurren arreta erakartzeko asmoz. |