Hernani Burujabek «krisi ekosozialari erantzun berdinzale eta ekologista bat eman nahi dio; lurraldeko agente publiko-ekonomiko eta sozialak artikulatu nahi ditu trantsizio ekosoziala bideratzeko, modu parte-hartzaile eta demokratikoan aurrera eramateko konpromisoa hartuz». Erantzun hori herritarren parte-hartzea sustatuz eman nahi du, eta hori egiteko ohitura baten gabezia zegoenez, prozesu eratzaile baten bidez, sortu da Hernaniko Tokiko Garapeneko Kontseilua eta Burujabetzen Kontseilua.
Kontseilu horren araudiari argi berdea eman dio Hernaniko udalbatzarrak maiatzeko osoko bilkuran, eta araudi hori eskuan hartuta jardun ahal izango du hemendik aurrera Hernani Burujaberen gobernu izaera izango duen kontseiluak.
Araudiak zehaztu duenez, hauek dira kontseiluaren helburuak: Hernaniko trantsizio ekosozialerako prozesuan perspektiba feminista, ekologista, kulturartekoa eta euskaltzalea gauzatzea. Helburu organikoak, berriz, hauek dira: Hernani Burujaberen norabide estrategikoa zehaztea, kontseilua arautuko duen araudia egitea eta Hernani Burujaberen barruan ematen diren balizko desadostasunak konpontzeko eta bideratzeko beharrezko neurriak zein diren argitzea.
Esleitu zaion aurrekontuarekin eraman beharko du aurrera bere plan estrategikoa Burujabetzen Kontseiluak. Horren inguruko proposamena eman beharko die Hernani Burujabeko agente guztiei, haiek erabakia hartu dezaten. Horrez gain, urteko memoria eta balantzea egin beharko du. Memoria hori publiko egingo du, herritar guztiek eskuragarri izan dezaten.
Araudiak aurreikusi du nolako bidea egin beharko duen Hernani Burujabek gatazkak konpontzeko. Gatazka sortu den markoan bertan konpondu ezingo balitz, kontseiluak batzorde bat eratuko luke horretarako. «Jartzen diren bitartekoak sortutako gatazka hori konpontzeko nahikoak ez badira, azken hitza eta erabakia Kontseiluarena izango da».
Osaketa eta bozka kopurua
Araudiak zehaztu du zein izango diren Burujabetzen Kontseiluko batzarretan bozka eta ordezkaritza edukiko duten kideak: udaleko bi ordezkari, Bidea herritar taldeko bi ordezkari eta sektore estrategiko bakoitzeko ordezkari bana (une honetan sei mahai osatuta dauzka Hernani Burujabek: elikadura, energia, zaintza, moneta, bioaniztasuna eta etxebizitza).
Hernaniko Burujabetzen Kontseiluak urtean gutxienez hiru osoko bilkura egingo ditu, eta planifikazio batzorde bat izango du tresna gisa, erabakitako lan ildo eta ekintzak aurrera eramateko.
Erabakiak ahobatez hartzen saiatuko da Burujabetzen Kontseilua, baina hori posible ez balitz, erabakiak hartzeko bozketa egingo du, eta, kasu horretan, gehiengo sinplearekin nahikoa izango litzateke erabaki bat edo bestea aurrera ateratzeko. k