Ikasturtea amaierara iristen ari da, eta ailegatu da ospakizunetarako garaia. Larunbat honetan bertan, Ikasletegia festa egingo du Hernanialdeko AEK-k; Astigarragako, Hernaniko eta Urnietako ikasleek eta irakasleek antolatutako festa.
Goizeko 11:00etan ekingo diote egitarauari. Hernaniko udaletxean ongietorria egingo diete parte hartzaileei, eta bertatik Atsegindegira abiatuko dira. Eguerdian Mintzodromoa izango dute bertan, eta 13:15etan hasiko da Ipuin Poteoa. Herriko lau txokotan egingo dituzte geldialdiak.
Eguna borobiltzeko, bazkari baten bueltan elkartuko dira guztiak. Eguraldi ona egiten badu, Tilosetan izango da bazkaria. Txarra egiten badu, aldiz, Atsegindegin. AEK-ko kideek jakinarazi dute bazkalostean sorpresa ugari izango direla.
Hortaz, herritar guztiei egin diete Ikasletegia festan parte hartzeko gonbidapena.