Atzo arratsaldean egin zuten Hernaniko maiatzeko osoko bilkura, eta bertan aurkeztu zuten Hezkuntza Komunitatearekin lotura duten zenbait herritarrek egungo jangela eredua aldatzeko proposamena. Aurretik eginda zeukaten azalpen erronda bat Hernaniko Udala osatzen duten talde guztiekin, eta atzoko bozketan guztien onespena jaso zuten.
Egindako proposamenean zazpi helburu zerrendatu zituzten: elikadurak gure gizartean eta gorputzean suposatzen duenaz jabetzea, gure herri ondarea balioan jartzea, inguruan topa ditzakegun ekoizpen ereduen inguruko hausnarketa sorraraztea, elikadura osasuntsua eta anitza bultzatzea, inguruko produktuak kontsumitzea, elikagaiak ekoizlearen eskuetatik jangelako platerera pasatzea eta jangela gune hezitzaile bat izatea.
Hori lortzeko, ordea, ezinbestekotzat dute jangelak kudeatzeko eskumena Jaurlaritzatik Udalera pasatzea. Herrian jasotako babesa ikusita, hurrengo pausoa proposamena Hezkuntza Sailera igortzea izango da.
Hernaniko ordezkariek zoriondu egin zituzten proposamena lantzen aritu diren herritarrak, eta balio haundia eman zioten herriko ikastetxe guztien elkarlanari.