Urteroko ohiturari eutsiz, aurten ere, Garagardo Azoka antolatu du Hernani Club Rugby Elkarteak. Bihar irekiko dituzte azokako ateak, eta igandera arte egongo da zabalik. 21garren edizio honetarako sekulako egitarauak prestatu dute. Elkartekoek adierazi dute Heineken garagardotegiak inportazioko garagardo-marka ezagunen aldeko apustua egin duenez, ondorengo garagardo sorta eskainiko dutela azokan; garagardo horiak, txigortuak, gariduna, beltzak eta glutenik gabeak. Barrari dagokionez, bihar izango da irekiera ofiziala, arratsaldeko 18:00etan. Ostiralean ere arratsaldean irekiko dute, eta larunbatean eta igandean, berriz, eguerditik gauera egongo da barrara gerturatzeko aukera.
Garagardoa ez ezik, jatekoa ere izango da azokan: ukondoa, saltxitxak, oilasko izterra, Kroketxeako kroketak eta hirugiharra, besteak beste. Antolatzaileek, halaber, jakinarazi dute azokako sukaldea irekita egongo dela bihar eta ostiralean 19:30etatik 23:00etara, eta larunbatean eta igandean, 13:30etatik 15:30etara, eta 19:30etatik 23:00etara.
Edatekoaz eta jatekoaz gain, entretenimendurako jarduerak ere eskainiko dituzte azokako egunetan. Bihar, Komerik taldeak kontzertua eskainiko du gaueko 22:00etan; eta ostiralean, berriz, fan&go taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, 22:00etatik aurrera. Larunbateko jai giroari martxa gehiago emateko, Bide Batez erromeria taldeak hartuko du lekukoa, gaueko 22:30etatik aurrera. Era berean, larunbatean klubaren eguna ospatuko dute eta horretarako bazkari herrikoia antolatu dute: «Animatu bazkaltzera etortzen zure lagunekin, kuadrillarekin, gurasoekin edota bikotearekin... 200 pertsonentzako lekua egingo dugu». Klubaren eguna aprobetxatuz, bingorako tartea ere izango dute herritarrek.
Igande arratsalderako, aldiz, bi ekintza antolatu dituzte; batetik, mus txapelketa 17:00etan; eta bestetik, saskiaren zozketa 20:00etan. Izan ere, «azokak irauten duen bitartean, kalitate haundiko saskia zozketatzen duten txartelak salgai edukiko ditugu». Zozketako irabazlea klubeko sare sozialetan iragarriko dute antolatzaileek, eta irabazlea ferian badago, «saskia momentuan emango diogu».
Amaitzeko, Hernani Club Rugby Elkarteko kideek azokara bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei: «Gure azokara etortzera animatzen zaituztegu!».
HERNANIKO XXI. GARAGARDO AZOKA
BIHAR
18:00-00:00 Barra
19:30-23:00 Sukaldea
22:00 Komerik taldearen kontzertua
OSTIRALA
18:00-00:00 Barra
19:30-23:00 Sukaldea
22:00 FAN&GO taldearen kotnzeruta
LARUNBATA HCRE eguna
12:00-01:00 Barra
13:30-15:30/19:30-23:00 Sukaldea
Eguerdian bazkari herrikoia (paella)
16:00 Bingoa
22:30 Bide batez taldearen kontzertua
IGANDEA
12:00-00:00 Barra
13:30-15:30/19:30-22:00 Sukaldea
17:00 Mus txapelketa
20:00 Saskiaren zozketa