Bidea herritar taldeak, Enherkomek, Sagarretak eta Urumea Bizirik ekimenak antolatuta, haize errotak jarri nahi dituzten ingurua bisitatu zuten igande eguerdian. Bailaran nabarmena da gai honek sortzen duen kezka, eta oraingoan ere 70 herritar baino gehiago elkartu ziren ibilaldian. Batik bat, haize errotek paisaian eta bioaniztasunean izango luketen eragina izan zuten hizpide.
Lau orduko mendi buelta egin zuten, eta geldialdietan eman zituzten azalpenak Sagarretako kideek. «Instalazioek bailarako erreketan kalte haundiak eragingo lituzkete. Izan ere, bioaniztasun aberastasun haundia daukate, bertan bizi baitira hainbat espezie mehatxatu eta jatorri paleotropikala duten landareak», azaldu zuten. Horrez gain, gehitu zuten eremua bereziki babestu beharko litzatekeela, Aiako Harriko parke naturalaren eta Leitzarango bailararen arteko korridore naturala delako.
Jarduera amaitzean, eragileek gaiari buruzko informazioa hedatzen eta eragiten jarraitzeko konpromisoa adierazi zuten.