«Oinezkoen mugikortasuna eta merkataritzako esperientzia» hobetzeko asmoz, 'Hartu kalea!' ekimena aurkeztu zuten atzo Hernaniko Udalak eta Berriak merkatarien eta ostalarien elkarteak. Hilean ostiral batez Hernaniko Kaxkoko trafikoa etengo dute, eta askotariko jarduerak egingo dituzte kalean.
Patxi Ibarguren zinegotzia eta Nagore Alvarez Berriak elkarteko lehendakaria arduratu ziren atzo egitasmoa aurkezteaz: «Egitasmo honen helburu nagusia Hernaniko gune komertzial nagusia den Kaxkoko bizitza eta jarduera komertziala aktibatzea da, aldi berean eta horretarako, herritarren mugikortasuna eta segurtasuna hobetuz».
Trafikoa etengo duten egunetan Kaxko barruko banaketak eta hondakinen bilketa goizeko 10:00ak baino lehenago egingo dira. Zamalan eremuek eta inguruko aparkalekuek, berriz, ohiko funtzionamendua mantenduko dute.
Moda desfilea izango da lehenengo jarduera
Hurrengo ostiralean jarriko dute martxan 'Hartu kalea!', eta bi jarduera prestatu dituzte egun horretarako. Goizeko 11:00etan dantza eta fitness saio bat eskainiko dute Bitan Bat zentroko kideek, eta arratsaldeko 17:30etan moda desfilea egingo dute. Bi jarduerak Andre Kalean izango dira.
100 euroko bonoak, zozketan
Ostiral hauetako jardueretan parte hartzen duten herritarren artean Hernaniko establezimenduetan gastatzeko 100 euroko bonoak zozketatuko dituzte.