Aurten Bizilagunak egitasmoa udazkenetik udaberrira aldatu da. Zer dela eta egin da aldaketa?
FÁTIMA FERNÁNDEZ: Bizilagunak ekimena hasieratik ospatu da azaroan, garai horretan etxeetan gehiago egoten garelako orokorrean eta egitasmoaren helburuetako bat etxeak irekitzea da erlazio berriak sortzeko sinbologia moduan. Baina azken aldian egiturazko arazo orokorra den etxebizitza gaiak, geroz eta zailtasun haundiagoak ekartzen ditu etxe batera edo bestera gonbidatu ahal izateko. Askok etxebizitzak partekatzen dituzte, tamaina aldetik txikiak dira etxeak, eta badira batzuk kale egoeran daudenak… Hala ere, badakigu badaudela etxe egokiak dituzten pertsonak edo familiak eta horiei ere gonbidapen zuzena egin nahi diegu. Arazo horrengatik eta kaleko espazioak hartzeko aukera gehiago izateko, udaberrira aldatzeko erabakia hartu dugu. Hortik dator aurtengo leloa: «Etxean edo parkean, ezagutzea elikatzen!»
Horrek eraginik izan du antolaketan?
Fátima F.: Jendeari abisatu behar izan diogu data aldatu dugula, ondoren galdetzeko ea parte hartzera animatzen den. Gainera, Hernanin etxeetan edo parkeetan parte hartzeaz gain, udaletxeko arkupeetan herri bazkari moduko otordua antolatzen ari gara. Beraz, aurreko urteetan bezala, eguerdiko 13:00etan izango da ongi etorria, oraingoan Joxepa Kioskoan elkartuko gara, eta 14:00etan banatuko gara talde bakoitzari dagokion lekura: etxe batean, parke batean edo udaletxeko arkupetan.
Zenbat familia elkartuko dira guztira?
Fátima F.: Oraindik epea zabalik dago izena emateko; beraz, oraindik ezin dugu jakin zenbat egongo diren azkenean. Baina animatzen ari dira adin-tarte eta jatorri desberdinetako pertsona, familia eta lagun taldeak.
Lehenengo aldiz parte hartzen duenak errepikatzen du?
ELI IGARZABAL: Nik uste dut baietz, beldurrak, aurreiritziak… mozten dira eta beste jende bat ezagutzeko gogoa sortzen da.
Fátima F.: Askotan bai, Bizilagunak bada ekintza bat jendeak emozioz beterik bizi duena eta errepikatzeko gogoarekin itxaroten duena. Zailena egiten zaiguna da lehenengo aldiz parte hartzeko beldurra edo dena delakoa apurtzea, baina tarteka kostatzen da jendeak errepikatzea. Nik esango nuke kasuan-kasuan gertatzen diren egoerak direla. Hala ere, ekintza hau ez da karga bat izan behar eta ez dugu horrela denik ikusten. Gozatzean eta komunitarioki erlazioak sustatzean datza.
Zer giro sortzen da familien artean?
Eli I.: Giro alaia sortu ohi da, bazkalorduetan ohikoa dena. Oso antzekoak garela konstatatzen da.
Fátima F.: Antzekotasun horren barruan, agerian geratzen da familia edo lagun talde bakoitzak berezitasun propioak dituela. Bazkaria bada momentu intimoago bat, eta bertan bakoitzak bere bizipenak kontatzen ditu.
Harremana mantentzen dute gerora?
Eli I.: Bai, herrian elkar ikusitakoan ez dira pertsona ezezagunak. Elkar agurtu eta hitz batzuk trukatzeko balio izaten du.
Fátima F.: Badira gerora elkartzen jarraitzen dutenak. Umeak dituzten familiak parkean elkartzen dira eta hitz gutxi batzuk trukatzen dituzte. Ekimen honetan parte hartzen dutenean, saiatzen gara adin-tarte berdintsuetako haurrak elkartzen eta horrek asko errazten du guztia.
Integraziorako, hurbilketarako eta herri kohesiorako tresna al da Bizilagunak egitasmoa?
O. T.: Oso erabilgarria da. Lehenengo interakzioa sortzen da Bizilagunaken bitartez, eta hortik aurrera lehenago ezezaguna zen hori gertukoagoa bihurtzen da.
MAIRA GONZÁLEZ: Askotan ahoa betetzen zaigu integrazioaz hitz egiten dugunean, baina gero ez dakigu nola gauzatu. Proiektu honek horixe ahalbidetzen du, kultura eta esperientzia ezberdinak dituzten pertsonak bazkari baten bueltan elkartzea. Otordu bat elkarbanatzen duzunean asko partekatzen duzu: anekdotak, istorioak, barreak, ohiturak... Eta hor hasten zara desberdina den horrekin antzekotasunak ikusten. Segituan nabaritzen da uste baino antzekoagoak garela. Horrelako egitasmoek aurrejuzkuak deuseztatzen laguntzen dute.
Familiek errepikatzen dute edo berriak izatea bilatzen da?
Fátima F.: Denetarik dago. Jende batek urtero parte hartzen du eta edizio bakoitzean jende berria ezagutzen doa. Eta oso interesgarria da pertsona berriak ere animatzen joatea urtez urte. Errepikatzaileak eta berriak denak dira ongi etorriak egitasmo honetan.
Egitasmoaren helburuak aldatu dira edo berdinak izaten jarraitzen dute?
Fátima F.: Helburuak berdinak dira: herritarrak elkar ezagutzea bilatzen du egitasmo honek. Bai eta ezagutzearekin batera bakoitzak ditugun aurreiritziak apurtzea. Azken finean, arrazakeriarik gabeko herria izatea da helburua.
Zer da gehien estimatzen dena familia anfitrioia, gonbidatua eta dinamizatzailearen aldetik?
Maira G.: Jarrera da gehien estimatzen duguna. Anfitrioiei asko eskertzen diegu euren etxeetako ateak naturaltasunez zabaltzea. Gonbidatuetan gehien baloratzen dena esperientziak, istorioak eta ohiturak partekatzeko disposizioa da. Azkenik, dinamizatzaileen rola da elkarren arteko loturak topatzea, horregatik gehien baloratzen dena sentsibilitatea eta entzuteko gaitasuna da.
Eli I.: Gehien baloratzen dudana da sortzen den giro lasaia, jakinmina bestearen ohiturekiko… Berehala galderak sortzen dira.
Jendearen aurreiritziak apurtzeko gomendagarria da egitasmoan partehartzea edo aurretik egin beharreko lanketa dute hori bertako familia euskaldunek?
Maira G.: Lagungarria da, bai. Ez da beharrezkoa lanketa guzti hori eginda edukitzea egitasmoan parte hartzeko, hain justu abiapuntu bat izateko sortu zen Bizilagunak. Interesgarria da bazkari honen bidez jendea animatzea gehiago sakontzera, jakiteko benetan zer den Hernanira kanpotik iristea.
O.T.: Hori da. Aurreiritziak hausten laguntzen du honek. Hala ere, iruditzen zait jarduera gehiago egin beharko genituzkeela bide horretan.
Eli I.: Ez da erraza izaten leku jakin batzuetan elkarrekin topo egitea. Ni nabilen tokietan betiko jendearekin egoten naiz eta egitasmo hau aitzakia da etorri berria den persona hauekin egoteko, ezagutzeko eta aurreiritziak apurtzeko.
Kaleko errealitatea eta komunikabideen bidez iristen zaigun errealitatea bat datoz?
Eli I.: Komunikabide batzuk nahita aritzen dira errezeloak sorrarazten: beldurrak, gezurrak, gauza negatiboak azpimarratzen… Ekintza hauek aurreiritzi horiek desegiteko bide egokiak dira.
Maira G.: Prentsak dioena bakarrik irakurtzen baduzu, oso irudi distortsionatua iritsiko zaizu. Kalera ateratzen zarenean, ordea, konturatzen zara egoera ez dela diotena bezain dramatikoa. Istorio positibo ugari daude, errespetuan eta elkarbizitzan oinarritzen direnak. Komunikabideen diskurtsoak ez du bat egiten errealitatearekin, horregatik da garrantzitsua informazioa kontrastatzea eta benetan gertatzen dena ezagutzea.