20 urtean 2.000 emakume inguru, Emakumeentzako Jabetze Eskoletan

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 26a, 00:00

Jabetze Eskolen urteurrenaren aurkezpena egin zuten.

Ekainaren 6an Kulturarteko Plaza Feministan festa izango da urteurrenean.

Hernaniko Emakumeentzako Jabetze Eskolak 20. urteurrena du aurten eta ekainaren 6an, festa eder batekin ospatuko dute urteurren borobila Udalak eta Hernananiko Berdintasun Kontseiluak Kulturarteko Plaza Feministan.

«Askotariko ikastaroak eskaini ditu eta eskaintzen ditu Hernaniko Emakumeen Jabetze Eskolak», azaldu zuen aurkezpenean Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak, «baina beti helburu berarekin: emakumeak ahalduntzea, emakumeen arteko sareak ehuntzea eta kontzientzia feminista sustatzea». Jasota dauden erregistroen arabera, 20 urte hauetan 2.000 emakume baino gehiagok parte hartu dute Jabetze Eskolan.

Ekainaren 6ko festa 17:30etan hasiko da irrintzi, zaghareet eta ezgariekin. Ondoren, Jenny Perlazarekin dantzaldia izango da eta gero, karaokea. Norberak gustuko kanta aukeratu dezake (https://erabili.liberaforms.org/bizitza-kantu-bat-da.-karaokea), bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan. Festa mokaduarekin bukatuko da.

Festa irekia da eta Jabetze Eskolan urte hauetan guztietan parte hartu duten emakumeen «topaleku» izan nahi du. «Bereziki emakume horiei gonbidapena luzatzen diegu», esan zuen Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak, aurkezpenean.

 

Hernani, Gipuzkoako aitzindarietako bat

Hernaniko Udaleko Berdintasun sailak jarri zuen Jabetze Eskolaren proiektua martxan duela 20 urte. Hernaniko Jabetze Eskola Gipuzkoa mailan gisa honetako proiektuen artean aitzindarietako bat izan zen.

2021ean, Kulturarteko Plaza Feministak ateak ireki zituenetik, bertako eskaintzaren parte da Jabetze Eskola. «Jabetze Eskola urtez urte joan da izaera hartzen, baina bereziki azken urteetan proiektua zabaltzea lortu da, Kulturarteko Plaza Feministak egitura sendotu duelako. Udal ekipamendu hau dugunetik, emakumeen parte-hartzea areagotu egin da», baieztatu zuen Lekuonak.

Kulturarteko Plaza Feminista irekita dagoenetik, 200 izen-emate inguru izan dira urtero eta 2023/2024 ikasturtean 693 emakumek parte hartu zuten antolatutako ikastaro eta tailerretan (azken datu eguneratuak dira horiek). «20. urteurrenak merezi du ospakizun eder bat», gaineratu zuen Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!