Zinegoak, Bilboko gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia Hernanira iritsiko da bihar, maiatzaren 27an. Kulturarteko Plaza Feministan eskainiko dira film laburrak eta sarrera doakoa da. 18:30etan hasiko da emanaldia eta sei film labur eskainiko da guztira: Mdb, Inkognita, Arrecife, Judoka, Queimando por dentro eta Azkena. 2004. urtean jaio zen, kultura, zinema eta arte eszenikoen bidez sentsibilizazioa bultzatzeko asmoz. Film laburrak jatorrizko hizkuntzan eskainiko dira, euskerazko eta gaztelerazko azpitituluekin.
Mila Aquilia argentinarraren Mdb izango da aurrena. 18 minutuan kontatzen du maitasun ezkutuaren historia. Pilarrek eta bere familiak Mar del Platako goi-klaseko hondartza batean igarotzen dute uda. Han ezagutu du Camila. Hirian, zurrumurrua zabaltzen hasi da, neska- lagunak direla. Bi nerabeek ezkutuan bizi dute lehen maitasuna, onartzen ez dituen gizarte baten aurrean.
Julen Gorosabel euskaldunak zuzendutako Inkognita da hurrena eta zazpi minutuko iraupena du. 1979ko ekainaren 10ean, zerbitzutik kanpo zegoen Guardia Zibil batek Francis izeneko transformista hil zuen Errenteriako Apolo tabernan. Gertakari hau Euskal Herriko LGTBIAQ+ mugimendua abiarazi zuen txinparta izan zen.
Ondoren Angel Moralesen Arrecife (14 minutu) eskainiko da. Angel mastektomia egiteko zorian den pertsona trans bat da, 89 urteko amonaren etxean bizi dena. Bere prozesua kontatzen du Angelek, itsasoa leku terapeutikoa dela berarentzat, baita disforiaz ere, eta, garrantzitsuena, gorputzarekin adiskidetzeaz, hau da, bere etxearekin.
Laugarren filma Judoka izango da. Ander Iriartek zuzendua, Nerabezaroa une zaila da. Eskualdeko txapelketarako egun gutxi falta direnean, Judocak eraso arrazista bat jasan eta krisian sartzen da. Lehiatu ahal izateko autokontrola eta autoestimua landu beharko ditu.
Azkenaurrena, Enock Carvalho, Matheus Farias zuzendari brasildarren Queimando por dentro eskainiko da. Samuel Neomendekoste Eliza Ebanjelikoko familia brasildar batean hazi zen. Bere sexualitatea esploratzen eta queer nortasuna besarkatzen hasi da, baina kolokan jarri zaio mundua, aitak elizan dantza egitea debekatu baitio. Bertatik bertara dauka bizitza aldatuko dion inflexio-puntua.
Amaitzeko, Azkena izenburupean, aurkeztuko dute beren azken lana Ane Ines Landetak eta Lorea Lyonsek. Loreak ama eta amona ditu erreferentzia. Dokumentalak, bi belaunaldi horien bitartez, emakumeei amatasunari dagokionean esleitu zaien loturari buruzko hausnarketa egiten du. Orain berari dagokio ama izan ala ez erabakitzea eta erantzun beharreko galderen erantzunak bilatzea.
Zinegoak 2025 ekaineko azken astean, Bilbon
Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioaren ildo nagusiak eta irudia aurkeztu ditu gaur. Ekainaren 23tik 30era jaialdiak «erresistentzia eta afektuen sareak» aldarrikatuko ditu programazio zabal baten bidez, proiekzioak, arte eszenikoak, hausnarketarako guneak eta topaketak barne.