Udal Jolas Igerilekuko abonoak egiteko epea irekiko da bihar

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 25a, 00:00

Igerilekua ekainaren 12tik irailaren 7ra egongo da zabalik.

 

Hernaniko Udal Jolas Igerilekuak (HUJI) datozen ekainaren 12an irekiko dira. Irailaren 7a izango da aurtengo denboraldiko azken eguna. Ordutegia 10:00etatik 20:30etara izango da astelehenetik igandera.

Ohi bezala, bi modu izango dira bertara sartzeko: eguneko sarrera erosita edo abonamenduarekin. Bi kasuetan, aurrez aurreko zein online bidezko aukerak egongo dira, eta
Jarduera Fisiko eta Kirol sailetik, ahal dela bigarren aukera horren bidez egiteko eskatu dute, «ilarak saihesteko».

Hain zuzen ere, denboraldiko abonamendua egiteko epea bihar irekiko da. Esan bezala online, kiroldegiko harreran eta bulegoan egongo da abonamenduak egiteko aukera.

Aurten ere, Hernaniko eta Astigarragako kiroldegietako abonatuek tarifa berezia izango dute Hernaniko Uda Jolas Igerilekuko abonamenduetan.

Eguneko sarrerak ere online edo udako igerilekuan bertan erosteko aukera izango da. Egunean bertan edo bezperan erosi ahal izango dira.

Okupazioa uneoro kontsultatzeko aukera

Hernaniko Udal Jolas Igerilekuak 1.500 lagunentzako edukiera du. Ondorioz, salgai jartzen den eguneko sarrera kopurua mugatua da.

Uretan ere edukiera mugatua daukate igerilekuek: gehienez aldi berean 500 lagunentzako kabida, hain zuzen ere. Okupazioa jakiteko aukera kirola.hernani.eus webgunean eta igerilekuan bertan egongo da.

TARIFAK

Hernani eta Astigarragako kiroldegietako abonatuentzat:

Familiarra: 82,25 euro
Banakakoa: 54,50 euro
Adingabea: 36 euro

Ez abonatuentzat:

Familiarra: 163,65 euro
Banakakoa: 107,75 euro
Adingabea: 65,40 euro.


Eguneko tarifak:
18 urtez gorakoa: 8,45 euro (17:30etik aurrera, 4,25 euro).
3-18 urte: 5,75 euro (17:30etik aurrera, 3,05 euro).
3 urte arte: 2,95 euro (17:30etik aurrera, 1,50 euro).
6 hilabete arte: Doan.
Haur-taldeentzako prezio bereziak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!