«Zerbait berezia da, lehenengo aldia da sagardoa eta eztia uztartzen direna». Iparragirre Sagardotegiko Arantxa Eguzkizaren hitzak dira horiek, Sageztia produktuen aurkezpenean egindako hitzartzekoak. Ostegunean egin zuten prentsaurrekoa sagardotegian bertan, eta proposamen berritzaileari buruzko xehetasunak eskaini zituzten Iparragirreko Andoni Mateosek eta Juan Zuriarrain enologoak.
Euskal Sagardoa eta Urretxuko Aikur eztizaleen ezti ekologikoa nahastuta lortu dituzte Sageztia produktuak. Iparragirrek hiru botila merkaturatuko ditu: lehenengoa Sageztia da, irakinean Euskal Sagardoa eta eztia nahastuta lortutakoa, oso aproposa otorduetarako; bigarrena Sageztia txikia da, hasieran eztia gehitzen zaion Euskal Sagardoa, azukre guztia agortu aurretik botilaratua, lagunartean dastatzeko pentsatua; hirugarrena Sageztia Aparduna da, botilaratu aurretik eztia gehitzen zaion produktua, bigarren irakina eztiarekin egin dezan, hau sarrerekin edo postreekin hartzeko edaria da.
Hiru produktuak eskuragarri daude jada Iparragirre Sagardotegiak edo www.iparragirre.eus webgunean.
2022an hasitako lanketak eman du bere fruitua
Euskal Sagardoa eta eztia nahasteko proiektua 2022an jarri zen martxan. Leartiker zentro teknologikoak eta Juan Zuriarrain enologoak gidatu dute prozesua, eta hiru sagardotegirekin aritu dira lanean: Hernaniko Iparragirre Sagardotegiarekin, Irungo Ola Sagardotegiarekin eta Aramaioko Iturrieta Sagardotegiarekin.
Hasierako probek dagoeneko eman dute bere fruitua. Gainera, gisa honetako produktuak sortzeko patentea dute aipatutako sagardogileek.