Gaur jokatuko du Hernaniko Ohorezko Erregional mailako mutilen taldeak denboraldiko azken partidua. Urte gorabeheratsua izan da Hernanirentzat, eta beheko postuetara gehiegi gerturatu ondoren, mailari eusteko aukera haundiekin iritsi da jardunaldi erabakigarrira.
Arratsaldeko 17:30etan hasiko da Hernaniren eta Anaitasunaren arteko partidua. Berdeentzat nahikoa izango da berdinketa lortzea salbazio matematikoa ziurtatzeko.
Hernanik maila galtzeko aukera bat besterik ez dago: Anaitasunaren aurkako partidua galtzea eta Deustok Tolosaren aurka garaipena lortzea.
Hortaz, esku eskura du helburua Hernanik, baina gaurkoan ezinbestekoa izango da zaleen bultzada. Klubetik deialdia egin dute Zubipera bertaratu eta taldeari animoak emateko.
«Gure lana egiten badugu, mailari eutsiko diogu»
Xabier Jauregi kapitaina gogotsu agertu da gaurko partidu erabakigarriaren aurrean. Taldea ondo ikusten du fisikoki eta psikologikoki, eta dena emateko prest dago: «Hilabeteak daramatzagu beheko postuetan, eta iritsi da momentu erabakiorra. Gure esku dago mailari eustea eta partidu bakarreko kontua izango da. Horixe izango da gure planteamendua, ez dugu inora begiratzeko beharrik, gure lana egiten badugu mailari eutsiko diogulako».
Azken jardunaldiak gogorrak izaten ari dira taldearentzat, eta zoritxarreko zenbait lesio ere izan dituzte partiduetan. Hala ere, garrantzitsua da nabarmentzea Hernaniren esku dagoela helburua betetzea, eta horrek konfiantza emango dio taldeari: «Denboraldia ondo amaitu nahi dugu, zelaian dena utzita. Helburua gertu daukagu, baina badakigu oso zaila izango dela».
Jauregik gehitu du ezinbestekoa izango dela gaur zaleen bultzada jasotzea: «Zaleek kanpotik babesten bagaituzte errazagoa izango da dena. Deialdia egin nahiko genieke hernaniar guztiei gaur arratsaldean Zubipera jaisteko. Aurreko partiduetan nabaritu dugu jende gehiago etorri dela, eta sekulako laguntza izan da guretzat. Azken pausoa ere eurekin batera eman nahiko genuke».