Lan polita eginda bukatu zuen trainerilla denboraldia Hernanik, Euskadiko Txapelketan. Bai neska jubenilak eta bai kadeteak, dominen lehian aritu ziren Ondarroan, eta segundu gutxira geratu ziren azkenean.
Neska kadeteek izan zuten podiuma gertuen. Bosgarren izan ziren, baina bigarrena lau segundura zutela, eta hirugarrena bi segundura. Bigarren txandan aritu ziren, printzipioz faborito ez zirenekin, «baina mentalizatuta lorpen haundi bat eskuratzeko gai ginela», diote Axier Martin eta Erik Gonzalez entrenatzaileek. «Bagenekien gure estropada irabazi behar genuela, eta halaxe izan zen. Ziabogara 18 segunduko aldearekin iritsi ziren arraunlariak, eta bueltakoan bikain hartu zituzten olatuak. Azkenean, 30 segundu atera zizkioten San Pedro bigarrenari». Gutxigatik, baina hori ez zen nahikoa izan beste txandako lau ontziak menderatzeko. «Oso pozik gaude egindako lanarekin, denboraldiko estropadarik onena egin genuen».
Neska jubenilak, berriz, faboritoen txandan aritu ziren, San Juanekin, Isuntzarekin eta Ondarroarekin batera. «Hasieratik aritu ginen Ondarroarekin borrokan, hirugarren postua nork eskuratuko», azaldu du Asier Ocon entrenatzaileak. Azkenean bizkaitarrak igo ziren podiumera, zazpi segunduko aldearekin. «Baina oso kontentu gaude, oso estropada ona egin zuten gure arraunlariek».
Orain, traineruko prestaketan murgildu dira Hernaniko seniorrak eta jubenilak, buru-belarri: «Bi aste barru jokatuko dugu Gipuzkoako Txapelketa, eta hortik aurrera, uda osoan zehar ari da 'Maialen' ETE Ligan».
Aurreko asteburuan bertan, bestalde, Lapuebla de Labarcan aritu zen neska infantilen batela, VIII. Ardoaren Banderan; eta lan polita osatu zuten, Ebro ibaian jokatu zen estropadan.
Ate irekiak maiatzean eta ekainean, astean hirutan
Bien bitartean, ate irekien jardunaldiekin jarraitzen du Hernaniko Arraun Elkarteak, «herriko eta inguruko gazteek arrauna are gehiago ezagutzeko». Maiatzean eta ekainean egingo dituzte, astean hirutan: astelehen, asteazken eta ostiraletan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Jakinmina duen edozein gazte gerturatu daiteke arraun elkartearen egoitzara, Ibarluze poligonora.