Egun haundia izan zen aurreko larunbatekoa, Hernani Gimnastika Klubarentzat. Kadete, jubenil eta senior mailetako Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen Eibarren, eta emaitza bikainak lortu zituzten taldeko gimnastek: 15 domina kolkoratu zituzten. «Ezin sinetsita gaude oraindik. Hilabete guzti hauetan egindako lana erakusteaz gain, sekulako emaitzak lortu ditugu», aitortu dute.
Senior Master A kategorian, hiru taldekidek lortu zituzten dominak. Ainara Rueda Gipuzkoako txapeldun izan zen sailkapen orokorrean, urrezko domina kolkoratu zuen mazoekin, eta zilarrezkoa kolkoratu pelotarekin. June Clementek brontzea lortu zuen pelotarekin, Nerea Echarrik ere brontzea mazoekin, eta biak batera izan ziren Gipuzkoako txapeldunorde.
Senior Master B mailan, June Ruedak urrezko domina lortu zuen pelotarekin, eta Elene Rodriguezek ere urrea mazoekin. Gainera, Gipuzkoako txapeldun izan ziren biak batera, eta A mailara igoera ere lortu dute horrela.
Jubenil A mailan, berriz, hirugarren izan zen Hernani taldeka. Bakarka, Ainhoa Prados seigarren izan zen xingolarekin, eta zortzigarren pelotarekin zein sailkapen orokorrean. Jubenil B mailan, Maider Iriondok urrezko domina lortu zuen pelotarekin, Jone Aguilarrek ere urrea xingolarekin, eta biak batera izan ziren Gipuzkoako txapeldun. Haiek ere lortu dute A mailara igoera.
Kadete A mailari dagokionez, brontzezko domina lortu zuen Erika Marquezek uztaiarekin, eta laugarren izan zen mazoekin eta sailkapen orokorrean. Eta Kadete B mailan, azkenik, taldeka zazpigarren izan zen Hernani.
Emaitza horiekin, Euskadiko Txapelketara sailkatu dira taldeko gimnasta guztiak. Asteburu honetan eta hurrengoan jokatuko da txapelketa. «Denboraldi bikaina ari da izaten gimnastentzat, eta ilusio eta gogo berberarekin egingo diogu aurre azken zita garrantzitsuari», dio klubak.