«Hainbeste urtez espetxean egon ostean, kalera ateratzea beste erronka bat da»

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 24a, 00:00

Gari Arruarte eta Oihane Bakedano, Harrera elkarteko kideak.

2012an sortu zen Harrera, «euskal preso politiko eta erbesteratuei gizarteratzen laguntzeko». Gaur gaurkoz, nabarmen aldatu da euskal preso politikoen egoera, eta horrekin batera, elkartearen jarduna eta begirada. Horretaz hitz egiteko elkartu da Kronika Oihane Bakedanorekin eta Gari Arruarterekin. Bazkidetza kanpaina betean da elkartea, 5.000 bazkidera iristeko helburuarekin.

Harrera elkarteko kide dira Gari Arruarte eta Oihane Bakedano. Biak Hernaniko preso ohiak dira, eta Harrerako erabiltzaile, bazkide eta elkartearen eraldaketa berri honetan laguntzen ere ari dira, ahal duten heinean.

2012ko ekainean sortu zen Harrera, euskal preso politikoei espetxetik edo erbestetik bueltatzean ahalik eta laguntza haundiena emateko helburuarekin. «Beharrak sortu ahala jaio zen Harrera», dio Bakedanok. Ordura arte, gehienbat familietara eta lagunartera bideratzen zen laguntza, baina ez zeuden aurreikusita behin presoa kalean izanda sortzen diren arazoak eta ezintasunak. «Hor bazegoen hutsunea; hainbeste urtez espetxean egon ostean, kalera ateratzea beste erronka bat da», gaineratu du Bakedanok. 

Azaldu dutenez, 2012an aurreikusten zen kaleratze masibo edo gehiago egongo zirela, gatazkaren konponbidearen bidetik. «Parot doktrinarekin ere zenbait kide atera ziren kalera; beraz, momentu horretan beste behar batzuk sortu ziren», dio Arruartek. Dioenez, ordura arte egiten zen arreta eta laguntza inprobisatua ez zen nahikoa, eta aldaketak egiteko momentua iritsi zen. «Lehen presoak ez ziren multzoka ateratzen, eta herri eta eskualde bakoitzak bazuen bere modua presoa gizarteratzen laguntzeko». Baina 2012an aurreikusten zuten bazetorrela «uholde» bat, urte gutxitan zenbait preso politiko askatuko zituztela. Beraz, erronka haundi horri erantzuteko sortu zen Harrera, eguneroko gauzetan laguntza emateko erakunde asistentzial moduan. 

Gaur gaurkoz, Harrerak administratiboki, ekonomikoki, fi­sikoki zein mentalki oinarriz­ko asistentzia eskaintzen du, besteak beste. Hau da, espetxetik aterata, aholkularitza eskaintzen du NANa berritzeko, gida-baimena lortzeko, osasun-txartela egiteko, erroldatzeko edota dagozkien diru-laguntzak lortzeko. Baita mediku asistentzia ere, «kartzelan edo erbestean exkaxa izaten baita asistentzia hori». Horregatik, Osasun Publikoak eskaintzen dituen baliabidez gain, psikologo, oftalmologo eta haginlari taldeak dituzte. Laguntza ekonomikoa ere ematen dute, eta diruz laguntzen dute lehendabiziko hilabeteetan. Lana aurkitzen ere laguntzen dute, «bizimodu duin bat izateko lana ezinbestekoa baita».

Egungo testuinguruan, ordea, Harrerak egiten duen asistentzia lana «motz» gelditu dela diote: «Orain beste fase batera pasa gara, orduko beharrak erabat motz gelditu dira. Moldaketa fase batean sartu gara», dio Arruartek. 

Euskal preso politikoen egoera nabarmen aldatu da Harrera sortu zenetik. Urruntze politiken amaieraren eta espetxe politiketan ematen ari diren pausuen ondorioz, euskal preso politiko asko dira, modu batera edo bestera, kalera ateratzen ari direnak. Bederatzi preso daude Hernanin gaur gaurkoz, baina badira baimen bereziak lortu eta kalera ateratzen hasi direnak pixkanaka.

 

Hirugarren graduaren eta 100.2 artikuluaren erabilerak, behar berriak sortu ditu

Iazko maiatzean, egoera berri honetara egokitzeko batzarra osatu zuen Harrerak, eta  zuzendaritza aldaketa baten eskutik, proposamen berri batek lur hartu du.

Azaldu dute, lehen kondena osoa beteta ateratzen zirela preso gehienak, eta orain, egoera bestelakoa dela: «Fase berri honetan, hirugarren gradua eskuratu eta kalera ateratzen hasi ziren kideak. 100.2 artikulu flexiblearekin ere beste zenbait hasi ziren kalea zapaltzen. Eta noski, egoera berri honetan, arazo pila bat sortzen dira». Hirugarren gradua eskuratzen duten presoek gaua espetxean pasa behar dute, baina baimen berezia dute eguna kalean igarotzeko. Baina kaleak behar berriak sortu ditu: «Goizeko 07:00etan espetxetik atera eta 21:00etan edo 23:00tan itzultzen zara. Baina nola mugitzen zara behin kalean egonda? Zeintzuk dira garraio bideak? Praktikak izanez gero, nola joango zara Martutenetik atera eta Oriora lana egitera? Praktikak bukatu ostean non bazkalduko duzu? Non hartuko duzu dutxa bero bat?». Lehen behar guzti hauek existitzen ez zirela azaldu du Arruartek, eta horregatik moldatu behar izan dela elkartea oraingo baldintzerata.

Hirugarren gradua lortzea, ordea, «ez da xamurra». Bakedanok azaldu du, adibidez, lan kontratu bat edukitzea ezinbesteko baldintza dela: «Eta lana lortzeko, ezinbesteko baldintza ere bada kanpoan jendea izatea horretaz arduratuko dena». 100.2 artikuluarekin ere, zenbait ikasketa eta praktikaldi burutzeko baimenak ere lortu izan dituzte. 

Baina orain hasi dira zuzenbidearen ertzetan ibiltzen, bide berriak aurkitzen, eta legeetako zirrikitu ezberdinak probatzen: «Guzti honetan gu ari gara bidea irekitzen; ez estatu espainolean ez hemen, apenas erabili dira horrelako tresna asko», dio Arruartek.

 

Sarea osatzea, ortzimuga berria

Gaur gaurkoz, «sarea osatzen» ari da Harrera. Zenbait herritan «harrera taldeak» sortu dira, bereziki hiriburuetan; eta Hernanin ere badago sare bat lanean. Baina, finean, «amankomunean egiten da lana». Ofizialki egitura bakarra dago, Euskal Herri mailakoa; baina beharra dagoen herrietan badaude talde txikiak, Harreratik elikatzen direnak bere funtzionamendurako, eta baita alderantziz ere. Hernanin ez dago talde finkorik, baina sare bat osatu da hernaniarren artean: lan eskaintzak egiten dituzten enpresariak, praktikaldiak lotzen dituzten irakasleak, medikuak… bakoitzak bere alea jartzen du. Egunerokotasunean dinamizatzen aritzen diren lau edo bost pertsona ere badira. Herriko presoen beharrei erantzuten diete, baina egitura zurrunik gabe. «Agian, preso bakarra duten herriek ez dute horrelako sarerik behar. Hernanin, ordea, atera gara denbora gutxian preso asko, eta hori erronka haundia da», dio Arruartek.

Orain, Harrera da «preso, erbesteratu eta deportatuekin lehen harremana egitera hurbiltzen dena». Beraiek ematen dute lehen pausua, «askotan preso ohiek ez dutelako arazoa identifikatzen, inork ez du laguntza eskatzen. Lotsa ematen du lagunzta eskatzeak, autonomia nahi duzu, subentzionatuta nahiko denboran bizi izan zarela pentsatzen duzu», dio Arruartek. «Barruan egoteko gai izan bazara, kanpoan ere laguntzarik gabe moldatuko zarela pentsatzen duzu», gehitu du Bakedanok. Hau da Harreraren bueltan egin den aldaketa nagusietako bat. Izan ere, lehen, behin kalean izanda egiten zen aurreneko kontaktua preso ohiekin; orain lanketa espetxean bertan hasten da.

Gertutasun eta lanketa honek, preso direnei segurtasun bat ematen diela azaldu dute. «Jende gutxik esango dizu psikologo baten beharra duela, edo ez duela ezer ikusten baina ez duela dirurik betaurreko batzuk erosteko, edo ez dakiela nora jo», aitortu du Arruartek. Iazko udan galdeketa bat bidali zieten preso guztiei, eta horren arabera itinerario bat osatu zuten, jakiteko zeintzuk diren preso bakoitzaren beharrak, gaitasunak, edota zein ikasketa mota burutu behar zituzten ondoren kalean lana aurkitu ahal izateko. Guzti honetan, Harrerak azken urtean 50.000 euro gastatu ditu.

 

Bazkideen beharra

Baina guzti hau aurrera eramateko, baldintzak behar ditu elkarteak. «Oraindik espetxeetan jarraitzen duten euskal preso politiko askok, zein hirugarren gradua edo bestelako baimenak lortzen ari direnek, jendearen inplikazioa inoiz baino beharrezkoagoa dute». Bakedanok argitu du, hirugarren graduan daudenek jakin behar dutela nora jo, non bazkaldu, dutxatu… Donostian, esaterako, badago etxebizitza bat Martuteneko zenbait presok elkarbanatzen dutena. Horrelako baldintzak sortzeko, «sarea ehuntzen jarraitu behar dugu», dio Arruartek.

Helburu horiek lortzeko, ezinbestekoa dute finantzazio iturri berriak irekitzea. Bazkide berriak lortzeko kanpaina betean dago elkartea: 3.500 bazkiderekin hasi zuten erronka, eta 5.000 bazkidetza lortzea izango da helburua. «Bazkideen erdiak preso ohiak dira, nolabait elkar laguntzeko beharra sentitzen dutelako, baina hori bakarrik ez da aski». Harreraren finantzazioaren ehuneko haundiena bazkideetatik lortzen du elkarteak, eta hortik kanpo dirulaguntzak jasotzen saiatzen dira. «Donazioak ere izan ditugu kasuren batean, baina finantzazio iturri nagusia bazkidetza da».

Bazkide izateko modua sinplea da: Harreraelkartea.eus atarian ‘egin zaitez bazkide’ atalera jo eta formularioa betetzearekin aski da. Kuota minimoa 5 eurokoa da hilean, 60 euro urtean; «eta hortik aurrera, bakoitzak nahi beste». Gainera, errenta aitorpenean desgrabatu daiteke.

Kanpaina hau lau haizetara zabaltzeko aurkezpenak egiten ari dira herriz herri. Hernanin, maiatzaren 27an burutuko dute, arratsaldeko 19:00etan Biterin.

«Jendearengana iritsi behar dugu. Seguru nago jendeak ezagutuz gero lagunduko duela», dio Arruartek. Bakedanok aitortu du belaunaldi batetik bestera ere salto haundia dagoela: «Gure belaunaldiak ezagutu du gatazka, eta oraingo gazte belaunaldiek ere lagundu dezakete, baina ez dute ezagutzen egoera, horra iristea da erronketako bat». «Jende askok ez daki zer den harrera, eta aurkezpena horretarako bidea izango da. Harrera edozeinek lan egiteko esparru bat da, bakoitzak bere laguntza eskaintzeko modu bat, era batera edo bestera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!