Hernaniko ikastetxeetako jangeletan Serunion enpresarekin izandako gorabeheren ondoren, herriko jangela eredua aldatzeko talde bat sortu zuten Hernanin. Ia bi urteko ibilbidea egin du taldeak, eta herriko ikastetxe guztietako ordezkariak elkartuta, Bidea Herritar Taldearen laguntzarekin, proposamen bat ondu dute dagoeneko.
Astearteko Udal Plenoan egingo dute mozioaren aurkezpena. Funtsean, jangela eredua goitik behera aldatzea da asmoa, «elikadura eredu iraunkorra eta jasangarria» lortuta. Horretarako, zazpi helburu zerrendatu dituzte proposamenean: elikadurak gure gizartean eta gorputzean suposatzen duenaz jabetzea, gure herri ondarea balioan jartzea, inguruan topa ditzakegun ekoizpen ereduen inguruko hausnarketa sorraraztea, elikadura osasuntsua eta anitza bultzatzea, inguruko produktuak kontsumitzea, elikagaiak ekoizlearen eskuetatik jangelako platerera pasatzea eta jangela gune hezitzaile bat izatea.
Hori gauzatu ahal izateko, hiru eredu jarri dituzte mahaigainean (eskuineko laukietan zehaztuta dago proposamen bakoitza).
Eskaera argia da: jangelen eskumena Jaurlaritzatik Udalera pasatzea.
PROPOSAMENEKO A EREDUA ESKOLA BAT, SUKALDE BAT.
Lehengaiak ikastetxeetara eraman eta bertan In situ sukaldatzen da. Aukera hau aurrera eramateko, ikastetxe guztiek lehengaiak bertan sukaldatzeko ekipamendu egokia beharko lukete, ongi hornituriko sukalde bat.
PROPOSAMENEKO B EREDUA HERRI BAT, SUKALDE BAT, HOTZEAN GARRAIATUZ.
Elikagaiak prestatu eta hotzean garraiatzen dira. Horretarako, herrian sukalde zentralizatua beharko litzateke, eta ikastetxe bakoitzak ere jakiak berotu ahal izateko beharrezko espazioa eta ekipamendua beharko luke.
PROPOSAMENEKO C EREDUA HERRI BAT, SUKALDE BAT, BEROAN GARRAIATUZ.
Ikastetxeetan gaur egun dauden ekipamenduak mugatuak dira. Hortaz, elikagaiak prestatuta eta beroan garraiatzen dira ikastetxeetara. Aukera hau aurrera eramateko, herrian sukalde zentralizatua beharko litzateke.
«Gure helburua da jangelak kudeatzeko eskumena Jaurlaritzatik Udalera pasatzea»Edurne Irazusta eta Maialen Ansa dira proiektuaren lanketan aritu direnetako bi. Plenora bertaratzeko deia egin diete herritarrei.
Serunionen auzia izan zen aktibaziorako gakoa, eta jangela eredua goitik behera aldatzeko proposamena EDURNE IRAZUSTA: Bai, hala da. Herri mailan egiten den lehenengo proiektua da hau. Lehenago egon dira saiakera batzuk, Haurreskolakoa da adibide argiena, baina hau da herri mailan planteatzen den lehenengoa. MAIALEN ANSA: Herriko ikastetxe guztiek hartu dute parte prozesuan eta udaletxetik ere babesa jaso dugu. Bidea oso aberasgarria izan da. Finean, gure helburua da jangelak kudeatzeko eskumena Jaurlaritzatik Udalera pasatzea, gertuko kudeaketa bermatzeko. Edurne: Horregatik ahalik eta babes zabalena lortu nahi dugu. Eskolena badaukagu, eta asteartean Udal Plenoan aurkeztuko dugu proposamena. Hori dena egitean, Hezkuntza Sailari helaraziko diogu.
Hiru alternatiba planteatu dituzue proposamenean. Zer suposatuko luke lehenengo aukera martxan jartzeak? Maialen: Elikadura munduan dabiltzan profesional guztiek esaten dute in situ sukaldatzen denean, bertatik bertara egiten denean, elikagaien propietateak askoz ere hobeto mantentzen direla. Egoerarik onena eskola bakoitzean sukaldatzea izango litzateke, baina proposatutako beste bi ereduek ere balio dute gaur egungo sistema aldatzeko. Orduan, B eta C aukerak ere egokitzat dauzkagu, edozein martxan jartzea aurrerapausoa izango delako. Edurne: Egia da A ereduak suposatuko lukeela inbertsio haundia. Horregatik txertatu ditugu beste bi aukerak, nahiz eta nabarmentzen dugun guk lehenengoa hobesten dugula.
Hirugarren aukera martxan jarriko balitz, gaur egungo egoera asko hobetuko litzateke? Edurne: Bai, dudarik gabe. Gertutasunak asko ematen du. Oraingo ereduarekin, goizaldeko 03:00etan egindako janariak jaten dituzte eguerdiko 12:30etan. Esan digutenez, tenperatura mantentzea oso zaila da, eta tenperatura jaisten den momentutik txartzen doa elikagaien kalitatea. Herrian prestatuko balira, bertatik bertara garraiatzeak asko hobetuko luke egoera. Bestalde, sustatu nahi duguna da elikagaiak nondik datozen ezagutzea: nola ekoizten den, nola landatzen den, nork egin duen... Maialen: Hori da. Proposamena gauzatuko balitz, hemen inguruko produktuekin osatuko litzateke menuaren zati haundi bat. Gertuko ekoizleentzat bultzada haundia izango litzateke. Edurne: Ikusi dugu Buruntzaldeko nekazarien ekoizpenarekin eskaintzaren zati haundi bat betetzeko aukera dagoela. Maialen: Une honetan 1.600 erabiltzaile daude Hernaniko jangela zerbitzuan. Badakigu hasieratik ezingo dela dena goitik behera aldatu, baina eskumena Udalera pasako balitz, pixkanaka joango ginateke eraldatzen. Garrantzitsua da epe luzeko proiektu bezala planteatzea.
Gernikan baduzue erreferentziazko proiektu bat, ezta? Maialen: Hori da. Duela urte batzuk Eusko Jaurlaritzak jarri zituen martxan proiektu pilotu batzuk, eta horietako bat da Gernikakoa. Beraiekin hitz egin dugu, eta badituzte gauza batzuk Hernanin txertatu nahi genituzkeenak. Hala ere, orain arteko proiektuak eskola bakarrean jarri dira martxan, ez herri mailan.
Proiektua eskuartean duzuen honetan, zeintzuk dira hurrengo pausoak? Edurne: Orain herrian sozializatu nahi dugu. Aurkezpena egin eta mugitzen jarraitzeko asmoa daukagu. Maialen: Hona iristeko bidea oso aberasgarria izan da. Balio haundia ematen diot denen artean egiteari; ikastetxe guztietatik jaso ditugu ekarpenak eta denek jarraitu dute proiektuarekin lotuta. Asteartean aurkeztuko dugu mozioa Udal Plenoan, eta deialdi orokorra egiten diegu herritarrei udaletxera bertaratzeko. Edurne Irazusta eta Maialen Ansa, Kronikarako elkarrizketan. |