‘Haurren partaidetzan oinarritutako herrigintza’, hurbilago Haurren Kontseiluari esker

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 22a, 00:00

Lehenengo ikasturte honetan Hernaniko eta Ereñotzuko 34 ikaslek osatu dituzte kontseiluak.

Hernaniko eta Ereñotzuko Haurren Kontseiluek lehenengo ikasturtea egin dute martxan. Aratz, Elizatxo, Langile eta Urumea ikastoletako 19 ikasle ordezkarik eta Ereñotzuko Txirrita eskolako zein auzoko beste 15k osatu dituzte kontseilu horiek.

Hernaniko eta Ereñotzuko Haurren Kontseiluak Oinherri herri hezitzaileen sarearen baitan egindako lanketatik sortu dira. Hernani 2020tik da Oinherri sareko kide, «haurren
partaidetzan oinarritutako herrigintza lantzeko».

Haurren kultura parte-hartzailea sortzeko egitasmo pilotua martxan egon zen lau udalerrietako bat izan zen Hernani eta esperientzia hortatik sortu dira Haurren Kontseiluak. Hauen lehen ikasturtea ere «proiektu pilotua» izan da.

Jarraipen Forotik...

Hernaniko eta Ereñotzuko Haurren Kontseiluak 2023an hasi ziren forma hartzen. Jarraipen Foroa martxan dago ordutik. Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria, eta Partaidetza sailak izan dira koordinatzaileak. Horrez gain, foro honetako kide dira Udal ordezkariak eta udal zerbitzu batzuetako langileak -Zerbitzu Sozialak, Kulturarteko Plaza Feminista eta Gaztelekua-. Herriko ikastetxeetako ordezkariek eta hainbat eragilek ere parte hartu dute prozesuan: Dobera Euskara Elkarteak, Eskola Kirolak, Kanika aisialdi taldeak eta Kaxkardik.

2024ko otsailetik ekainera, hilero elkartu ziren Hernaniko hezkuntza formaleko eta ez-formaleko eragile hauek «egungo haurren partaidetza ereduaren inguruan hausnartzeko», azaldu zuen Aitor Lukas Haur, Nerabe eta Gazteria zein Partaidetza zinegotziak.

Saio horietan, hainbat gairen inguruan aritu ziren Oinherrik dinamizatuta: haurrentzako Hernaniko ekipamendu, jolas-eremu eta ekimen parte-hartzaileen mapa osatzen; haurren parte-hartze motak identifikatzen; intersekzionalitatea eta herriko haurtzaroaren mapa lantzen kulturartekotasuna, klase soziala, generoa, familia-eredua edo desgaitasun irizpideak aintzat hartuta.

Hainbat ondoriotara iritsi zen Jarraipen Foroa: «Argi zegoen sortuko zen parte-hartze kanalak Hernaniko ikastetxe ezberdinetako haurrak nahasteko balio behar zuela, bestelako errealitateak ezagutzeko». Gurasoekin lanketa egitea ere garrantzitsua zela konturatu ziren, «konfiantzazko espazio eta harremanak sortzeko, hegemenikoak ez diren haurtzaroetara iristeko».

... Haurren Kontseiluetara

Horren ondoren sortu zen Hernaniko Haurren Kontseilua, Aratz, Elizatxo, Langile eta Urumea ikastoletako LH 5. eta 6. mailako 19 ikaslek osatuta. «Bolondreski parte hartzeko prest zeudenen artean zozketa bidez» erabaki zen nortzuk parte hartuko zuten Haurren Kontseiluan.

Haurren Kontseiluak «haur bezainbeste haurtzaro» daudenaren premisatik abiatu dira, «Kontseiluan guztien ahotsa entzun behar dela aldarrikatuz». Hori dela eta, eta guztien aukerak bermatzeko, Haurren Kontseilua ikastorduetan jarri zen martxan. 

Talde anitza da Hernaniko Haurren Kontseilua «eta horrek asko aberasten du proiektua eta ideien inguruko ikuspuntuak».

Ereñotzun bertako Haurren Kontseilu propioa osatzeko beharra sentitu zen, «errealitate propioari erantzuteko». Hernaniko Kontseiluko adin-tarte bereko 15 haurrek osatu dute Ereñotzuko haurren Kontseilua. Hauek, eskola orduetatik kanpo elkartu dira, Txirritako zein auzotik kanpo ikasten duten haurrekin.

2025eko otsailean jarri ziren martxan bi kontseiluak. Maiatza arte bost aldiz bildu dira eta ekainean azkeneko saioa egingo dute.

Haurren parte-hartzearen kultura birpentsatzeko une eta herri egokia

Jarraipen Batzordearen hausnarketa fase horrek emandakoak 2024ko ekainean aurkeztu zituzten ikastetxeetako irakasle-klaustroetan. Ordutik, Jarraipen Foroak elkartzen jarraitu du, nahiz eta maiztasun txikiagoarekin. 

Eguneroko jarraipena eta erabakiak hartzeko Talde Eragile bat ere badago: Udalak, ikastetxeetako ordezkariek eta Doberako hezitzaileek osatzen dute.
Hernaniko Haurren Kontseilua dinamizatzen bi hezitzaile aritu dira. Uxue Yuste da bidelagun horietako bat. «Proposamenak lasai egiteko espazioa eskaintzen diegu haurrei.
Horretarako dinamikak proposatzen ditugu, haurrek aurreko saioetan aipatu dituzten gaietan sakontzeko». Azaldu zuenez, «erronka haundiena heldukeria alde batera uztea izan da. Haurren egiteko eta egoteko moduetara egokitu eta esateko dutena egiaz entzutea».

Maialen Diaz de Cerio Urumea ikastolako irakaslea Talde Eragileko kide izan da, beste ikastetxeetako irakasle-ordezkariekin, Doberako hezitzaile eta udal ordezkariekin batera. Dioenez, Hernaniko hezkuntza komunitate formalean orain arte ere egon dira haurren partaidetza helburu duten hainbat proiektu komunitario, «beraz, gaiarekin sentsibilizatutako hezkuntza-komunitate» bat topatu du parean Haurren Kontseiluaren egitasmoak.

Diaz de Ceriok baieztatu zuen ikasleek «interes haundia» erakutsi dutela proiektuan. «Kontseiluetara oso gustura joaten dira eta oso pozik itzuli. Landutakoa transmititzen dute eta geletan eztabaida interesgarriak piztu dira gai batzuen inguruan».

Yustek, Hernaniko Haurren Kontseilu pilotua osatzen duten 19 haur horien jarrera deskribatzerakoan bat egiten zuen Diaz de Ceriorekin: «Haurrek dena ematen dute saio
bakoitzean, saioak gehiago eta maizago izatea ere nahi lukete».

Aitor Lukas zinegotziak azpimarratu zuen «Jarraipen Foroan denok izan dugu sentsazioa haurren parte-hartzearen kultura birpentsatzeko unea dela hau». Diaz de Ceriok ideia hori indartu zuen: «Parte hartzen ere erakutsi behar da».

«Haurrei hitza eman eta haiei entzuten ikastea erabaki politikoa da»

Aitor Lukas zinegotziak adierazi zuenez, Udalaren aldetik «balorazioa oso positiboa da. Hernaniko Udalak herri aktibo eta parte-hartzailea nahi du haurrentzat ere; kontzientea izango den herria eta komunitatearen garrantzia erdigunean jarriko duena». Horretarako, «haurrak subjektu aktibo eraikitzaile bihurtzeko ekimenak» martxan jartzea beharrezkoa da, «gure ikuspuntua helduzentrismotik at kokatzeko».

Uxue Yuste bidelagunak uste du Hernaniko Haurren Kontseilua «aurrerapauso» bat dela «Haurren Hiria izango denaren bidean. Haurrek haien nahi, interes, iritzi eta beharrak partekatzeko espazio bat dute, entzunak izateko espazio bat, eta diren bezala izatekoak, erabakiak hartzekoak. Haurrei boterearen zatitxo bat emateko espazioa da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!