Podcast eta bertso saio hibridoa aurreneko aldiz, amaiera ekitaldian

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 22a, 00:00

Euskaraldiaren amaiera ekitaldian izango da Sandiusterrin 12:00etan. 'Ezer ez eta festa' podcasta Nerea Ibarzabalen eta Maialen Lujanbioren bertsoekin tartekatuko da.

Euskaraldia igandean amaituko da eta Hernanin eta Astigarragan amaiera ekitaldiak prestatu dituzte. Hernanin, Sandiusterriko aretoan, 'Ezer ez eta festa' podcasta zuzenean izango da eguerdiko 12:00etan hasita. Podcasta eta bertsoak tartekatuz osatuko dute saioa eta lehenengo aldiz egingo da honelako saio bat. Berrikuntza izango da Sandiusterrin egingo dena. Beraz, podcast eta bertso saio hibridoa antolatu dute amaiera ekitaldirako. 

Berriaren ‘Ezer ez eta festa’ podcasteko esatariek, Irene Arraratsek eta Maialen Berasategik, zuzeneko emanaldi bat egingo dute, eta, tartetik tartera, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio bertsolariak ariko dira, librean, esandakoen nondik norakoak bertsotan komentatuz eta jantziz.

Bingoz bingo haur ikuskizuna igandean, Erriberan

Astigarragan Euskaraldiko ariketa Bingoz bingo haur ikuskizunarekin amaituko da igandean, Erribera kulturgunean, 17:30etan hasita. Umorea da nagusi ikuskizunean eta haurrek ederki pasako dute.

Etzi, larunbatean, Astigarragan, rol jokoak izango dira eguerdiko 11:00etan hasita, Erriberan. Hernanin larunbatean egitekoa zen Gora musika! taldearen emanaldia bertan behera geratu da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!