Aratz Ikastolak Haur Hezkuntzako haurrekin garatu du Xomorroen Etxea proiektua. Ikaskuntza eta zerbitzua uztartzen dituen ekimen honetan, 2-5 urteko haurrek ingurumenarekiko kontzientzia hartzeko eta herrian ekarpen erreal bat egiteko aukera izan dute: xomorroentzako etxetxoak diseinatu, margotu eta herriko hainbat parketan kokatu dituzte.
Udalak ere entitate moduan parte hartu du proiektuan eta etxetxoak Soka parkean, Txantxilako parkean eta Karabeleko tirolina parkean aurki daitezke dagoeneko.
Etxeetan kokatutako QR kodeen bidez, familiek jarduerak egin ditzakete eta esperientzian parte hartu.
«Gure ustez, proiektu honek hezkuntza, ingurumenarekiko ardura eta herrigintza nola uztartu daitekeen adibide baliotsua eskaintzen du», nabarmentzen dute Aratz ikastolako proiektuaren arduradunek.