Emakume zaintzaile profesionalen ongizate fisikoa sustatzeko proiektu pilotua martxan jarri da

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 21a, 00:00

Udalak abiarazi du eta Maitelan kooperatibako 16 zaintzaile dira lehenengo parte-hartzaileak.

Zaintza lanetan modu profesionalean aritzen diren emakumeen ongizate fisikoa sustatzeko programa pilotua martxan jarri du Hernaniko Udalak, Jarduera Fisikoa eta Kirol sailaren ekimenez. Egitasmoaren helburuak «zaintza lanetan aritzen diren emakumeen ongizatea hobetzea dira arlo fisiko, emozional eta sozialean; jarduera fisikoak eta kirolak dituzten onurak eta bizi-ohitura osasuntsuak euren bizitzan txertatzea eta jarduera fisikoaren bidez emakumeen ahalduntzea ematea» dira, Axier Mingo Jarduera Fisiko eta Kirol zinegotziak azaldu zuenez.

Pasa den ostiralean, maiatzak 16, elkartu zen lehenengo aldiz taldea elkarrekin ariketa fisikoa egitekoa.

 

Ariketa fisikoa, komunitatea egiteko eta osasun fisiko zein emozionalean eragiteko baliabidea

Zaintza eredua Hernaniko Udalaren politikaren gai zentrala da. «Gaur egungo zaintza ereduak zaintzaileengan ondorio nabarmenak ditu. Gainkarga fisiko eta emozionalak osasunari ere eragiten dio. Hori baieztatzen duten ikerketak dagoeneko badaude», azaldu zuen Mingok.

«Ondorio horiek saihesteko edo arintzeko, funtsezkoa da zaintzaileen osasun-egoera kontuan hartzea eta babesa eskaintzea. Zaintzaileen ongizatea bermatzen badugu, mendeko pertsonen zaintza egokia ere ziurtatuko dugu». Alde fisiko eta emozionalean ez ezik, zaintza lanek gizarte-harremanetan ere badute ondorioa, «bigarren mailako bihurtzen baitira zaintzailearen beharrak. Zaintza lanak oso denbora-eskatzaileak dira eta horrek bizitza soziala murriztea ekar dezake».

 

Maitelan kooperatibarekin elkarlana

Egitasmoa bi fasetan garatu da orain arte. Izan ere, pasa den ostiralean elkartu ziren lehenengoz emakume zaintzaileak elkarrekin ariketa fisikoa egitera, baina aurretik, programan parte hartuko duen emakume bakoitzarekin lanketa berezitua egin da, «bakoitzaren errealitatea, egoera eta beharrak jasotzeko». Martxoan hasi zen lanketa hori.
Lehenengo proba pilotu honetan 16 emakume ari dira parte hartzen, guztiak Maitelan kooperatibako kideak. «Hernani Burujaberen baitako Zaintza Mahaiak zaintzaileen zaintzari buruzko arlo bat du eta hortik sortu da elkarlan hau», argitu zuen Mingok.

«Programak izaera ludiko-funtzionala izango du, hau da, emakume zaintzaileen osasun fisiko eta emozionalean eragiten ahaleginduko gara», gehitu zuen Mingok, «autozaintzarako tresnak eskaintzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!