Sexilioari buruzko ‘Xerka’ hitzaldia eta argazki-erakusketa, etzi KPFn

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 21a, 00:00

Joseba Olariaga eta Martxel Larraza.

Euskal Herriko landa-eremuko bost pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen ditu Martxel Larrazaren eta Joseba Olariagaren fotokazetaritza proiektuak, eta LGTBI komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila lantzen du.

 

Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek Xerka proiektuari eta jaso dituzten bizipenei buruz hitzaldia eskainiko dute Kulturarteko Plaza feministan, etzi ostiralean, arratsaldeko 19:00etan. Eurekin batera, Brayan Altimasberes hernaniarrak ere bere lekukotza eskainiko du. Solasaldiaren ondoren, argazki-erakusketa ikusgai egongo da Kulturarteko Plaza Feministan. 

Hitzaldian, hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi-esperientziak ezagutaraziko dituzte. Ekimenak, hain zuzen, helburu du mezu positibo bat transmititzea: euskal landa-eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskeraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaio sexu-orientazioa edo genero-identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte-ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBI pertsonen migrazio behartuari.

Xerka Martxel Larrazak 2023an ondutako fotokazetaritza proiektua da, urtebete beranduago komunikazioko GRALen III. Berria sariketan saritu zutena. Paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartuz eta hainbat teknika eta estilo fotografiko baliatuz, subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa proposatzen dute argazkiek, gatazkatsua bezain harmoniatsua izan daitekeen harremanaren inguruan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!