Atzo goizean Hernaniko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak prentsaren aurrean aurkeztu zuten 'Hernani 1936-1959. Biolentzia, errepresioa eta giza eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta lehen frankismoan' argitalpena. Bertan liburuen xehetasunak azaltzeaz gain, azpimarratu zuten herritarrei begira argitalpenaren aurkezpen ekitaldia igandean egingo dutela, udaletxeko areto nagusian, eguerdiko 12:00etan.
Asteleheneko aurkezpenean ondorengoek hartu zuten parte: Xabier Lertxundi alkateak, Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko Oroimen Historikoko sailaren zuzendariak eta Irati Zuriarrain ikerketaren egileak. Herriko alkateak hartu zuen aurrena hitza, aipatuz liburu honen argitalpenarekin zor historikoa kitatu nahi dutela: «36ko Gerra eta lehen frankismoa ezagutu eta pairatu zuten hernaniarrekin, gertatu zenaren egia ezagutu eta memoria berreskuratuz».
Hernaniko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 2020an sinatu zuten Hernaniko memoria historikoa eta gertuko memoria berreskuratzeko, zabaltzeko eta ezagutzera emateko hitzarmena, eta horren emaitza izan zen 2023an argitaratutako Hernani 1960-2021. Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak liburua. Oraingo honetan, ordea, 1936 eta 1959 artean gertatutakoen ingurukoak jaso dira: «izen abizenak jarri nahi izan dizkiegu sufritu zutenei eta era guztietako zigor eta errepresioak nozitu zituztenei, besteak este, heriotza, erbestea eta kartzela.
Hernaniko Udalak 60.000 euro bideratu ditu ikerketa lan hauetara, eta horrez gain, argitalpen honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubidetako eta Kultura Demokratikoko sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutuaren laguntza ere jaso duela nabarmendu zuen Lertxundik.
Hernaniko alkateak, Javi Bucesi pasa zion hitza, eta gaineratu zuen gertatutakoa ezagutu eta ezagutaraztea ezinbestekoa dela, «egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak betetzeko». Bucesen ustetan, ikerketa hauekin Euskal Herriko udalerrietan izandako «gertaera beliko zein politikoak ezagutarazi nahi dira». Hala ere, helburu nagusia giza faktorean sakontzea dela azpimarratu zuen.
Irati Zuriarrain ikerketaren egileak segida eman zion Bucesi adieraziz ikerketa luze baten emaitza dela: «ezinbestekoak izan dira ikerlari eta herritar askoren ekarpenak, beraz, horiei guztiei eskerrak».
Jasotakoa bi liburukitan bildu dute, eta Zuriarrainek xehetasunak eman zituen: «lehenengoan, Bigarren Errepublika eta Gerra Zibileko urteak izan ditugu ikergai. Eta bigarrenari dagokionez, lehen frankismoa lantzen du. Liburukiek, gertaera politiko haundiak ez ezik, Hernanin bizi izan ziren eguneroko esperientziak, biografiak, istorio pertsonalak eta indarkeria mota ezberdinen zerrendak biltzen dituzte.
Lertxundik hartu zuen hitza aurkezpena borobiltzeko, aipatuz argitalpen honekin orain dela bospasei urte Aranzadirekin elkarlanean hasitako lana bukatutzat emango zutela. Hala ere, zehaztu zuen «horrek ez du esan nahi Hernaniko oroimen historikoa eta gertuko memoria berreskuratzeko orain dela 25 urte hasitako bidea itxiko dugunik». Honela, alkateak aurreratu zuen 2026rako hainbat ekimen ari dela prestatzen Udala.
Igandean ekitaldian errepresaliatuak eta haien senideak protagonista
Igande honetan, argitalpenaren 800 ale banatuko dira, bakoitzak bi liburu ditu, elebitan. Dohainik banatuko dira bertaratzen diren herritarren artean, eta ondoren, Biterin jarriko dira eskuragarri «baldin eta gelditzen badira». Amaitzeko, Hernaniko alkateak nabarmendu zuen igandeko ekitaldian protagonista izango direla 1936 eta 1959 aldian errepresioa eta giza eskubideen urraketa pairatu zutenak. Hala ere, herritar oro ongi etorria izango dela gehitu zuen.