Oso krudela izan da denboraldi bukaera Hernanirentzat, mutilen Gipuzkoako bigarren mailan. Liga bikaina osatu ondoren, igoerak ihes egin dio play offeko azkeneko segunduetan: 63-62 galdu zuen hirugarren posturako partidua larunbatean, Aldapeta Mariaren kontra, Donostian.
Debasketen kontra galdu ondoren, azkeneko aukera zuen Hernanik igoera lortzeko. Partidu berdindua izan zen, bi taldeek tarte txikiak hartu zituzten arren. Hirugarren laurdenean, esaterako, bederatzi punturen alde arriskutsua lortu zuten donostiarrek, baina orduan jokatu zituen bere minuturik onenak Hernanik, eta berdindu bakarrik ez, sei puntuz aurretik jarri zen markagailuan.
Kontuak kontu, pare-parean iritsi ziren azkeneko laurdenera, eta halaxe izan ziren bukaerara arte. 19 segunduren faltan aurrea hartu zuen Hernanik, bi puntuko aldearekin (60-62); baina bere beterania baliatuta, hiruko bat sartu zuen Aldapeta Mariak 15 segundu falta zirela, 63-62 aurreratzeko. Bi aukera izan zituen Hernanik, azkeneko erasoan, partidua irabazteko; baina jokaldiak ez zitzaizkien atera nahi bezala, eta ez zuten lortu baloia saskian sartzerik.
Gauzak horrela, Aldapeta Mariak lortu zuen igoerako azkeneko txartela. Datorren urtean saiatu beharko dute hernaniarrek, berriro ere.
Hernaniko mutil infantilak, Gipuzkoako txapeldun
Talde seniorraren kontrapuntuan, Hernaniko mutil infantil txikiek ekarri zuten albiste pozgarria: Gipuzkoako txapeldun izan dira, finalean Atletico San Sebastian menderatu ondoren (52-42), Donostian. Bikain ekin zioten finalari hernaniarrek, eta zulo polita zabaldu zuten atsedenaldira iristerako (31-20). Tarte horri eutsi zioten, eta donostiarrak azkeneko hiru minutuetan sei puntura gerturatu arren, ez zen arriskuan egon garaipena.