Hernaniko jubenilak laugarren, Euskadikoan

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 20a, 00:00

Ondarroan trainerilletan neskak dominatik gertu geratu ziren. Kadeteak berriz, bosgarren amaitu zuten.

 

Euskadiko Trainerilla Txapelketa jokatu zen igandean Ondarroan eta Hernaniko neska jubenilak lugarren amaitu zuten. 16 minutu eta 51 segundutan bukatu zuten 2 itsas milako ibilbidea eta Ondarroaren hirugarren postutik zazpi segundura geratu ziren. Bigarren luzean egin zien ihes dominaren lehiak. Ondarroak 19 segunduko abantaila zuen bide erdian eta amaieran asko hurbildu arren, ezin izan zuten hirugarren postura iritsi. San Juaneko neskek lortu zuten garaipena eta urrezko domina, hamabi segunduko aldearekin Isuntzaren trainerillarekiko.

Hernaniko neska kadeteek ere parte hartu zuten Euskadiko Txapelketan eta bosgarren amaitu zuten. Tolosaldeak lortu zuen garaipena, Zumaiaren eta Isuntzaren aurretik. Hernanik 8:17an geratu zuen kronometroa eta hirugarren postutik bi segundura iritsi ziren. Oso lehia estua izan zen Ondarroan. Tolosaldeak erraz lortu zuen garaipena, baina bigarren posturako borroka bi segunduren barruan erabaki zen. Lehen luzean Kaikurengandik lau segundura eman zuen ziaboga Hernanik, eta azken luze bikainaren ondoren asko hurbildu ziren sestaotarrengana eta lekeitiarrengana. 

 

Ikuskizuna seniorren txapelketan

Maila altuko lehia senior mutilen txapelketan bizi izan zen. Oriok irabazi zuen, baina Zierbenja azpitxapelduna 48 ehunenekotara iritsi zen eta Bermeo hirugarren sailkatua segundu bakarrera helmugaratu zen.

Hernanirentzat trainerilla denboraldia ere amaitu da eta orain buru belarri prestatuko dute traineru denboraldiko ETE Liga.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!