June Ruiz Belategi Espainiako txapelduna, hirugarren urtez jarraian

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 20a, 00:00

June Ruiz Belategi Soriako podiumean.

Sorian lortu du urrezko domina kadeteen M17 mailan sable modalitatean.

 

June Ruiz Belategi tiratzaile hernaniarrak urrezko domina lortu du Espainiako Esgrima Txapelketan, Kadete-M17 mailan, sable modalitatean. Beraz, 2023an M15 mailan eta 2024an M17 mailan gertatu bezala Espainiako txapelduna izan da hirugarren urtez jarraian. 

Urre horretaz gain, taldeka zilarra ere lortu zuen bere klubarekin, CD Fortuna.

Lehiaketa Los Pajaritos kiroletako pabiloian izan zen, eta sable modalitatean estatu osoko 39 tiralari zeuden izena emanda June Ruizekin batera. Hernaniarra zerrendaburua eta faboritoa zen urtean zehar lortutako emaitzei eta puntuei esker. 
Tiratzaile hernaniarra eskuan eta orkatilan mina zuela iritsi zen, eta ez zegoen erabat sendatuta. Hori dela eta, kosta egin zitzaion lehiari ekitea, eta hotz samar hasi zen. Hasierako poulearen 6 asaltoak gainditu eta lehen postuan sailkatzea lortu zuen, kanporaketa zuzenei aurre egiteko. Final-zortziren gogor baten ondoren (15-11), final-laurdenetan (15-5) eta finalerdietan (15-6) erraz irabazita iritsi zen finalera.

2023ko finala errepikatu zen, Madrilgo Sala de Armas klubeko Ines Higueraren aurka. Ruizek ez zion aukerarik eman eta 15-5 irabazi zuen esgrima arin eta eraginkor batekin.

Espainiako eta Euskadiko Txapelketa absolutuekin ekainean amaituko du denboraldi bikaina tiratzaile hernaniarrak. 

Aipamen berezia merezi dute Fortuna CDak eta Igor Otaegi maisuaren eta Pablo Martinez Eguia teknifikazio arduradunaren lanak, izan ere, Juneren urreaz eta taldekako emakumezkoen zilarraz gain, klubeko beste tiratzaile batek, Markel Amat pasaitarrak ere urrea lortu zuen gizonezkoetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!