Badator Gazte Eguna beste urte batez. Hernaniko Kontrakantxa gaztetxeak egun osoko egitaraua antolatu du larunbaterako, maiatzak 24. Herriko gazteak festa giroan murgilduko dira eta horretarako, futbito txapelketaren final haundia, bazkaria, feria, eta musika izango dira egun osoan zehar. Tiketak salgai daude Txili tabernan.
Goizean goiz hasiko dira ekintzak. 10:15etan futbito txapelketako final four-a jokatuko da. Izugarrizko pikeak bizi dira gaur gaurkoz txapelketan, beraz, finalean ere espektakulu haundia egotea espero da. Gainera, ez da edonolako finala izango, jolasak tartekatuko baitira.
Futbola gustuko ez duenarentzat ere izango da aukera, feria muntatuko baitute gazteek. Postu ezberdinez osatuko da, eta erruleta baten laguntzaz banatuko dira sariak.
14:30etan hasiko da bazkaria, Tilosetan eguraldi ona eginez gero, eta gaztetxean euria egingo balu. Tiketak salgai daude Txilin, 12 eurotan bazkaria eta zapia izango dute gazteek. Bestalde, aukera beganoa ere izango dela aurreratu dute, baina interesatuek aldez aurretik abixatu beharko dute.
Bazkalostean sari banaketa egingo da, eta finalean zein txapelketa osoan protagonista izan diren jokalariek eta taldeek sariak jasoko dituzte. Hemendik aurrera, musika izango da protagonista. Donostiatik txaranga helduko da Tilosetara, eta 18:00etan kaxkotik barrena egingo du itzulia, ohiko geldialdiak eginez.
Eguna bukatzeko eta gauari hasiera emateko, 22:30etatik aurrera gaztetxea irekita egongo da, eta bertan ariko dira Mr Luken eta herriko zenbait gazte dj lanetan.