«Boluntarioak behar ditugu, erabiltzaileei komunitateko eguneroko jardueretan laguntzeko»

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 17a, 00:00

Garaguneko erabiltzaileak eta langileak, Kronikarako elkarrizketan.

Adimen-desgaitasuna duten pertsona helduen bizi-kalitatea hobetzeko helburuz, Garagunea izeneko espazioa ireki du Goyeneche Fundazioak Hernanin. Martxa hartuta dute dagoeneko, baina oraindik boluntarioak eta kolaborazioak behar dituzte, eta horregatik, herritarrak animatu dituzte Garagunera bertaratzera: «etorri, ongi etorria izango zara!».

Abenduaren 16tik, inklusiorako eta laguntzarako gune berria du Hernanik: Garagunea. Zentro hau Goyeneche Fundazioak kudeatzen du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak itundu du. Goyeneche Fundazioak hiru programa ditu martxan eta horietako bat da Garagunea. Gipuzkoa mailan, guztira 16 Garagune daude, izan ere, Goyeneche Fundazioaren asmoa da eskualdeka lan egitea, herri haundi eta zentralak hartuz, inklusio soziala oinarri izanik. 

Hori guztia kontuan hartuta, Kronika Latsunbe auzora gerturatu da, Garagunea ezagutu eta bertako xehetasun guztiei buruz informatzera. Elkarrizketa egunean, Garaguneko lokaleko txirrina jo bezain laister, guneko kide diren Carmenek, Manuk, Alexek, Jonek, Aitziberrek eta Nekanek ongi etorri goxoa bezain alaia egin diote Kronikako kazetariari. Eta Garaguneko zirrikitu guztiak erakutsi ostean, mahai baten bueltan eseri dira denak, Kronikak prestatutako galderak erantzutera, gogoz.

 

Fundacion Goyenechek Garagunea espazioak ditu, eta Gipuzkoan barrena ari zarete haunditzen pixkanaka. Espazio horrek, Hernanin ere lekutxo bat hartu du. Zer moduzkoa izan da hasiera? 

Jon: Hasiera apur bat kaotikoa izan zen. Taldeko batzuk beste Garagune batzuetatik gentozen; beste batzuk, aldiz, beste tailer batzuetatik. Hala ere, segituan hartu genuen martxa. 

Manu: Batzuk hasieratik gaude Hernaniko Garagunean, abendutik, eta gustura. 

Carmen: Nire kasuan Pausokan nengoen hona etorri aurretik. Bertara autobusez joaten nintzen. Orain ordea, oinez etortzen naiz eta erosoagoa da. 

Alex: Ni Amaratik nator, baina hernaniarra naiz, orain oinez etortzen naiz etxetik, eta diferentzia haundia nabaritu dut. 

 

Garagunea definitzen duzue espazio irisgarri, moderno eta eroso moduan.
Zer da Garagunea? 

Aitziber: Zentro sare bat gara, eta gure helburua da adimen desgaitasuna duten pertsona helduen bizi-kalitatea hobetzea. Gure zentroek komunitatearen bizitzan parte hartzeko oinarri gisa balio dute, honen bidez, hainbat jarduera egiteko: kulturalak, artistikoak, kirolekoak, boluntaritzazkoak, etab.

Nekane: Pertsona ardatz duen plangintzaren ikuspegiarekin lan egiten dugu, eta garapen pertsonala eta soziala bultzatzen duten jarduerak garatzen ditugu. Gainera, pertsonek bizitza sozial eta komunitario aberatsaz gozatzea nahi dugu, eta horretarako, beren lehentasunekin eta bizimoduarekin bat egiten duten harremanak eta jarduerak bultzatzen ditugu.

 

Zer egiten duzue Garagunean? 

Nekane: Boluntariotza-lanak egiten ditugu, inguruko baliabideak erabiltzen ditugu, besteak beste, kiroldegiak, liburutegiak eta baratze komunitarioak. Jende askorekin jartzen gara harremanetan. 

Jon: Norberaren beharren eta interesen araberako ekintzak egiten ditugu. Nik adibidez gustuko dut teknologia, eta, beraz, Nekanek eta Atziberrek, informatikarekin lotutako ekintzaren bat egitera bultzatzen naute. 

Carmen: Niri kantua gustatzen zait eta hilabeteko ostegunetan, karaokea egiten dugu. 

Manu: Bizitza kalitatea ematen digu Garaguneak dudarik gabe.

 

Nolakoa da egunerokotasuna espazio honetan? 

Jon: Errutina bat jarraitzen dugu Garagunean, goizetan bilera, gero 10:30etan hamaiketakoa, eguneko ekintza jarraian… Honela funtzionatzen dugu. 

Manu: Nik adibidez, hamaiketako unean kafesnea hartzeko momentua da  niretzat, nire modura egiten dut. 

Carmen: ostegunetan adibidez, pintxo-pote egiten dugu eta azokara ere joaten gara. Beste batzuk, furgonetan ateratzen dira beste ekintza bat egitera. 

Jon: Liburutegira ere joaten gara astelehenetan. 

Alex: Liburutegiarekin kolaborazioak egiten ditugu. Bertako langileei lan-zama kentzen diegu eta guk gustura egiten dugu. Adibidez, liburuen entrega epea seilatu. 

Manu: Orain gainera automatikoki egiten ditugu, oso azkar. 

Carmen: Bazkalorduan mahaia jartzen dugu. Bakoitzak eginkizun bat du; nik adibidez ur pitxarra jartzen dut; Manuk, berriz, basoak jartzen ditu. Gero denek jasotzen dugu dena. 

Aitziber: Azkenean Garagunea horregatik da, gara-gunea. Guk osatzen dugulako gunea, eta autonomia sustatzen dugulako.  

Nekane: Gure helburua da norbere zaletasunak eta abilitateak mantentzea eta hobetzea. 

 

Liburutegiaz eta kiroldegiaz gain, non egiten dituzue kolaborazio gehiago? 

Jon: Eskoletan, bertara joaten gara gure errealitatea kontatzera eta Garagunea zer den azaltzera. Hona ere etortzen dira. 

Aitziber: Aurreko batean, Lanbide Heziketakoekin bildu ginen, animazio soziokulturala ikasten ari direnekin kolaborazioren bat egite aldera. Udal Kiroldegiarekin ere kolaborazio bat ere izango dugu, irailetik aurrera. Ttapa-ttaparekin ere uztailerako badugu zerbait eskuartean, proposamena bota genien eta horretan gabiltza. 

 

Zuek erabiltzaile zareten aldetik, uste duzue beharra zegoela Garagune bat irekitzeko Hernanin? 

Manu: Bai, guztiz. Buruntzaldean beharrezkoa izan da. Izan ere, une honetan, hemen gaudenak gara, Lasartekoak, Hernanikoak, Astigarragakoak eta Usurbilekoak. 

 

Zer esango zenukete dela Garagunea zuentzat?

Manu: Babesa eta etxea. Ni oso gustura nago, kalitatezko zerbitzua ematen dute. Poza sentitzen dut hona etortzerakoan. Bizitza errazten digu. 

Alex: Ni erabat ados nago Manurekin. 

Carmen: Nik Garagunea lotzen dut sentimendu positiboarekin.

 

Aitziber eta Nekane, Garaguneko langile zareten aldetik, zer esan dezakezue? 

Nekane: Ni pertsonalki gustura nago lanean. Niretzako ederra da jendearen bizi kalitatea hobetzea.

Aitziber: Aberasgarria da eta suposatzen du lana, baina ederra, alde emozionaletik asko du. Lotura askoko lana da. Izan ere, lan ordutatik kanpo ere burua Garagunean dugu.

 

Boluntarioak behar dituzue. Herritarrei deia egin nahiko zeniekete? 

Nekane: Bai! Edonolako kolaborazio eta boluntarioak behar ditugu, erabiltzaileei komunitateko eguneroko jardueretan laguntzeko. Adinak ez du axola, eta ez da inola ezagutza espezifikorik behar, norbere denbora librea partekatzeko gogoa besterik ez! 

Aitziber: Boluntarioen eta erabiltzaileen arteko topaketa arrakastatsua izateko saiatzen gara pertsonaren afizio eta interesen parekoa den beste batekin harremantzen. Beraz, gerturatu zaitezte Garagunera! Ongi etorriak izango zarete! 

 

Etorkizunera begira, zeintzuk dira eman nahi dituzuen aurrerapausoak zentro moduan? 

Aitziber: Udarako zerbitzua ere eskaintzea izan daiteke proiektu bat. Udan Hernaniko Garagunean oraindik ez dago zerbitzurik, baina Donostian bai eskaintzen dela, udaleku moduan. Eta, hemen ere zerbitzu hori txertatzen badugu, asko erraztuko genieke egunerokotasuna erabiltzaileei.

Nekane: Komunitateko parte izatea, sarea haunditzea eta kolaborazio gehiago egitea. Bolondresak. Oraindik berriak gara, eta egokitzen ari gara, baina bagoaz martxa hartuta. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!