LGTBIQ+ fobien Aurkako Nazioarteko Eguna da gaurkoa eta mobilizazioak iragarri dituzte. Joan den urteko otsailaren hasieran ekin zion Buruntzaldeko transmaribibollo kolektiboak saretzeari eta, urtebeteko bidea osatu berri duten honetan, kaleak hartu nahi dituzte berriro ere, «egun, jasaten ditugun askotariko erasoak salatzeko. Indarkeria dira sistema zisheteropatriarkalak inposaturiko gorputz, desira, identitate, harreman eta bizitza normatiboak».
Horregatik, «gure gorputzetan dauzkagun orbain, zauri eta min horiek laztantzeko, zaintzeko eta horien egileak seinalatzeko eguna da maiatzaren 17a. Aski dela esateko: hemen gaude, eraso horiei aurre egiteko eta salatzeko prest!».
Horiek horrela, dei egiten diete Buruntzaldeko herritar guztiei, gaur, 12:00etan, Erasoen aurrean erresistentzia transmaribibolloa lelopean, Hernaniko Plaza Berrin egingo duten elkarretaratzera etor daitezen. «Batu borrokara! Gora sexu eta genero askapen mugimendua!».