Aurreko larunbatean jokatu zen alebin eta infantil mailako Gipuzkoako Txapelketa, Irunen; eta Alebin B kategorian, hernaniarrak izan ziren protagonista: Laia Lazkoz izan zen nagusi sailkapen orokorrean, eta hirugarren sailkatu zen Irune Alsua.
Txapelketa bikaina osatu zuen Lazkozek. Bigarren postua lortu zuen esku hutsik modalitatean, eta hirugarrena sokarekin. Urrezko dominarekin, Alebin A mailara igoera ere lortu zuen.
Alsuak ere sekulako maila erakutsi zuen. Are gehiago, bera izan zen txapeldun esku hutsik modalitatean, eta laugarren sokarekin, sailkapen orokorrean hirugarren bukatzeko.
Emaitza horiei esker, Euskadiko Joko Eskolarretan hartuko dute parte Lazkozek eta Alsuak, datorren astean.
Hernaniar gehiago ere aritu ziren maila politean, Gipuzkoakoan. Araitz Berozek bosgarren postua lortu zuen sokarekin, podiumetik dezima gutxira; eta taldeka ere lan txukuna egin zuen Hernanik, Alebin B mailan: June Serres, Ainitze Muñoz, Enara Barrenetxea, Alsua eta Lazkoz.
Eider Salvadorrek, ordea, ezin izan zuen Gipuzkoakoan aritu, azken orduko lesio bat tarteko, txapelketarako bigarren postuan sailkatu ondoren.