Maila ederrean aritu dira Hernaniko arraunlariak, Gipuzkoako trainerilla denboraldian ere; eta erremate polita jarri zioten aurreko asteburuan. Larunbatean, ligako azkeneko jardunaldia jokatu zuten, Gipuzkoako Txapelketarako sailkatze estropada ere bazena, Mutrikun; eta igandean izan zen txapelketa bera, Pasai San Juanen
Hernaniko neska jubenilek lortu zituzten emaitzarik onenak. Hirugarren izan ziren Mutrikun, eta postu horretantxe bukatu dute Gipuzkoako Trainerilla Liga, San Juanen eta Hibaikaren atzetik. Gainera, Gipuzkoako Txapelketaren finalera sailkatzea ere lortu zuten horrela.
Are hobeto aritu ziren igandean, San Juanen: Hibaikari eta San Pedrori aurrea hartu zieten, eta bigarren izan ziren, San Juan irabazlearen atzetik, 12 segundura. Hortaz, zilarrezko dominarekin bueltatu ziren etxera, Gipuzkoako txapeldunorde. «Lehenengo paladatik atera ziren txapelketaren bila, eta San Juanekin lehian aritu ziren estropada osoan, baina azkeneko luzean ihes egin zieten», kontatu du Asier Ocon entrenatzaileak
Neska kadeteek, ordea, ezin izan zuten Gipuzkoako Txapelketaren finalera sailkatu. «Mutrikuko estropada ez zen batere erraza izan, arazoak pilatu zitzaizkigun. Eguraldiak ez zuen lagundu, eta kalerik kaxkarrena tokatu zitzaigun», azaldu dute Axier Martin eta Erik Gonzalez entrenatzaileek. Hori horrela, bosgarren sailkatu ziren, Tolosaldea, Zumaia, San Juan eta Hibaika aurretik zituztela.
Edonola ere, Mutrikun bosgarren izan arren, hirugarren postuan bukatu dute Gipuzkoako Trainerilla Liga, Tolosaldearen eta Zumaiaren atzetik; eta pozik bukatu zuten asteburua, San Juanen: kontsolazio estropadan garaipena lortu, eta Federazio Saria irabazi zuten, San Pedroren aurretik. «Bezperakoa ezohiko estropada izan zela erakustera atera ziren arraunlariak, indartsu, eta hasieratik utzi zituzten atzean beste bi ontziak.
Euskadiko Txapelketan gaur, neska jubenilak
Gipuzkoakoaren finalean arituta, Euskadiko Txapelketa lehiatzeko txartela ere eskuratu zuen Hernaniko neska jubenilen trainerillak. Bihar jokatuko dute hori, Ondarroan, goizeko 10:30etan hasita. 3.500 metroko estropada izango dute, eta Ondarroa, Isuntza eta San Juanekin batera ariko dira: «Bandera lortzea izango da helburua», Oconek dioenez.
Bestalde, VIII. Ardoaren Bandera jokatuko da gaur, Lapuebla de Labarcan, Ebro ibaian; eta bertan ariko da Hernaniko Arraun Elkartea, beste urte batez.