Partiduari erritmo bizia jartzea eta ohiko punteria ona, Hernaniren klabeak gaur Donostian igoera lortzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 17a, 00:00

Aitor Torres hernaniarra, jokaldi polita borobiltzen, aurreko partidu batean.

Hil ala biziko partidua jokatuko du Aldapeta Mariaren kontra, 20:00etan Txomin Madinabeitia kiroldegian, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailarako azkeneko txartela lortzeko.

Ihes egin zion igoera lortzeko aurreneko aukerak Hernaniri, etxean 53-67 galduta Eibarren kontra. Eta gaur izango dute bigarrena, Donostian: hil ala biziko partidua jokatuko dute Aldapeta Mariaren kontra, iluntzeko 20:00etan hasita, Txomin Madinabeitia kiroldegian. Mutilen Gipuzkoako lehenengo mailan aritzeko azkeneko txartela dago jokoan, datorren denboraldirako.

Ez daukate partidu xamurra hernaniarrek. Izan ere, igoera fasea aurreneko postuan bukatu zuen Aldapeta Mariak, 14 partiduetatik 11 irabazita. Baina ezusteko porrota jaso zuten joan den asteburuan etxean, Hernanik bezalaxe. Donostiarren kontrako bi partiduak galdu zituen Hernanik aurreneko fasean, baina urruti geratu dira horiek, urrian eta urtarrilean jokatu baitzituzten. Bi partiduak izan ziren estuak, gainera.

Gauzak horrela, partidu erabakigarria irabaztera joango da Hernani, eta garbi dauka planteamendua Asier Ansa entrenatzaileak: «Partidua mantsotzen saiatuko dira beraiek. Izan ere, bereziki barruko zonaldean oso talde beteranoa daukate. Guk, aldiz, saiatu beharko dugu partiduari erritmo bizia jartzen. Horrekin, eta partidu gehienetan izaten dugun punteria onarekin, garaipenaren lehian aritu beharko genuke».

Horretarako, hernaniarrek atzean utzi beharko dituzte joan den astean erasoan izandako arazoak: azkeneko laurdenera 49-50 iritsi ondoren, lau puntu bakarrik lortu zituzten azkeneko 10 minutuetan.

 

Infantil txikiek, finala bihar

Gainerako kategorietan ere, as­teburu gazi-gozoa izan zen au­rrekoa Hernanirentzat. Juniorrek ezin izan zuten kanporaketa irauli Luberriren kontra, ta 65-72 galdu zuten. Bai, ordea, kadete haundiek: 84-68 irabazi zuten Beasainen kontra, joanekoan jasotako porrota (69-59) ezerezean utziz. Kadete txikiek ere garaipenarekin bukatu zuten denboraldia, Internacional Mons 67-59 menderatu eta hirugarren postua lortuta. Eta infantil txikiak, azkenik, partaidetzako finalera sailkatu ziren, Tolosan 31-73 irabazita. Bihar jokatuko dute finala, Atletico San Sebastianen kontra, 12:00etan Donostiako Mons kiroldegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!