Hernaniko 38. Txalaparta Festa ospatuko da maiatzaren 23an eta 24an, Hernaniko Musika Eskolako txalapartariek antolatuta. Gaur zortzi kontzertua izango da Biteri kultur Etxean eta maiatzaren 24an, larunbatean, Iparragirre sagardotegia bihurtuko da festaren erdigunea.
Maiatzaren 23an, areto barruan, Artze izenburua duenemanaldia eskainiko dute Biterin Hutsun eta JEL Triok taldeek, 19:30etan hasita. Sarrera doan izango da.
Larunbateko jaialdi nagusian, aldiz, txalapartari ugariren emanaldiak izango dira: Zuaznarbartarrak eta Goikoetxeatarrak; Esku-Txa; Malkoak TX; Talka; Kolpez kolpe eta Ttakun Ttan Ttakun. Emanaldiak 12:00etan hasiko dira, Iparragirre sagardotegiko ganbaran eta hemen ere sarrera dohainik izango da.
Emanaldiaren ostean bazkaria ere izango da eta horretarako, astelehena baino lehen erreserbatu beharko da tokia aitorbeltran@yahoo.es-era idatzita. Bazkariak 31euroko prezioa izango du. Hauxe da menua: mokaua, tortilla, txekor saiheskia, Idiazabal gazta, sagar gozokia, intxaurrak eta sagardoa txotxetik.
Omenaldia, ekitaldi nagusian
Aurtengoan, Ximon Goikoetxea omentzeko baliatuko da Txalaparta Eguna. Haren omenezko bideo-proiekzioa emango dute ekitaldi nagusian. Iazko ekainean hil zen Erbetegi-Etxeberri baserrian jaiotako donostiarra. Aitor Beltran antolatzaileak dionez, «Hernaniko txalaparta festa guztietan izan ditugu partaide Goikoetxeatarrak».
Txalaparta tradizio haundiko familia izan da Goikoetxeatarrena. Ximon Goikoetxeak berak aitarekin eta osabarekin ikasi zuen txalaparta jotzen eta berak ere transmititu zion jakintza Haritz semeari. «Azken urteotan, Haritzek tradizioari heldu eta seme-alabekin ari da jotzen».