Otsailaren 15ean Euskal Herriko Torturatuen Sarea publikoki aurkeztu ondoren, informazioa zabaltzeko gunea sortu dute Hernanin. Jadanik martxan dago, eta irekita dago astearte eta ostegun arratsaldetan, 19:00etatik 21:00etara bitarte. Saretik, Buruntzaldean tortura pairatu duen pertsona oro Sare honen parte egitera animatu dute.
Sareak azaldu duenez, nazio mailan sare hau ehuntzeko Euskal Herri mailako auzolana egingo zela adierazi zuten, 'ahalik eta torturatu gehienen artean, ahalik eta modu zabalenean, Euskal Herrian torturatutako inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin'.
Sarea ehuntzeko bitartekoa, otsailean Kursaalen Sarearen aurkezpenean banatutako karpeta izango dela zehaztu dute: 'Sarea ehuntzeko bitartekoa, gure herriko torturatuengana iristeko tresna, alegia, banatutako karpeta izango da'. Helburu horrekin jarri dute martxan Buruntzaldeako informazio gunea 'eskualdeko torturatuei karpetak helarazteko, banatutako karpetak jasotzeko, zalantzak argitzeko eta beharrezko laguntza eskaintzeko'.
Gune berri honetara gerturatzeko deia egin diete tortura pairatu duen pertsona orori.