Sektoreetako batzar irekiak egingo ditu Hernani Burujabek

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 12a, 00:00

Behin auzo eta elkarte batzarrak amaituta, «sektore ekonomikoek datorren ikasturtean jarraituko duten plangintza herritarrekin batera diseinatuko dugu». Maiatzaren 16 eta 17an osatuko dituzte batzarrak.

 

Ostiral eta larunbat honetan elkartuko da Hernani Burujabe sektore ekonomikoetako batzar irekiak egiteko. Behin auzo eta elkarte batzarrak osatuta, azaldu dute asmoa sektore ekonomikoek datorren ikasturtean jarraitu beharko duten plangintza herritarrekin batera diseinatzea dela.

Horretarako elkartuko dira maiatzaren 16 eta 17an, Hernani Burujaberen sektoreen gida-lerroak diseinatzeko.

«Batzar irekiak egingo ditugu auzotarren behar eta interesak zeintzuk diren mahai gaineratu eta, horren gainean, proiektu posiblea irudikatzeko», azaldu dute.

Guzti hau gauzatzeko, lanketa bi txandatan egingo da. Alde batetik, maiatzaren 16an, ostirala, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, etxebizitza, bioaniztasuna eta energia sektoreen bueltan bilduko dira. Larunbatean, maiatzak 17, berriz, elikadura, moneta eta zaintza sektoreak izango dituzte hizpide, goizeko 11:00etan hasita 13:00ak bitarte. Bi batzar irekiak Burujabetzen Etxean izango dira.

Batzar hauetan jasotako ekarpenak partekatuko dituzte ondoren, baita galdetegi telematikoan jasotako proposamenak ere. Gogoratu dute, era telematikoan parte hartzeko aukera maiatzaren 15era bitarte egongo dela irekita. Online egiteko esteka Hernani Burujaberen webgunean aurkitu daiteke.

«Hernani Burujabek herriko baliabideak kudeatzeko planifikazio komunitarioa eskaintzen du. Ordua da sektoreen gida-lerroak diseinatzekoa, herritarrekin batera».

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!