Emakumeen mundu martxak IV Nazioarteko ekintza egingo du aurten. Bost urtetik behin antolatzen da ekintza hau, eta gaurkoan Euskal Herriko txoko ezberdinetan hartuko du protagonismoa, Herrien burujabetza eta bizitza duina. Gerra eta kapitalismoaren kontra lelopean. Hiru lan-lerro jorratuko dira gaurkoan; hala nola, gerra, lurraren defentsa eta migrazio politikak.
Nepalen hasi eta Sahararaino iritsiko den ibilbidea egingo dute, eta Euskal Herrian ere, lanketa horrek lurreratze propioa izan dezan, gaur goizeko 10:00etan Bardeetatik hasi eta Aramaiotik, Gernikatik eta Hirun-Hendaiatik igaro ondoren, Donostian amaituko dute ekintza, arratsaldeko 19:30etan, mobilizazio nagusiarekin. Beraz, Hernaniko Bilgune Feministak bat egingo du gaurko ekimenarekin eta herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu.
Zenbait aldarri, geldialdietan
Martxak burutuko duen ibilbidean zehar zenbait geldialdi egingo dituzte, lurraren defentsaren aldeko eta migrazio-politiken eta indarkeria matxistaren aurkako aldarriak eginez; «baliabide naturalen ustiaketa eta kaltetzea eta biodibertsitatearen galera masiboa gaitzesteko, sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialista salatzeko eta sistema hori sostengatzen duten mugekin apurtu nahi dela adierazteko».