Parke Natural ugari daude Euskal Herrian. Balio ekologiko handiko eremuak dira eta paisaia ederrak dituzte. Halako lekuetan, flora eta fauna espezie ugari bizi da eta denboran zehar iraun duten giza jarduerak nabarmentzen dira. Hori dela eta, guztion artean zaindu behar ditugun ondare ekologiko eta kulturalak dira.
Izkikoa da horietako bat. Arabako Mendialdeko Kuadrillan dago, Arabako Lurralde Historikoaren hego-ekialdean, Gasteiztik 31 kilometrora eta 1998an izendatu zuten Parke Natural. Bere ia hamar mila hektareetan paisaia desberdin ugari biltzen ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoko laugarren parke naturalik handiena da, Gorbeia, Aizkorri-Aratz eta Aralarko parke naturalen atzetik.
Funtsean, Izki basoa eta harkaitza da. Izki ibaiak zeharkatzen duen eta mendiek inguratzen duten baso-eremu handi bat dela esan daiteke. Nagusiki ameztia dago, baina pagadiak, artadiak, haltzadiak, ezkameztiak, baso mistoak, urkidiak, lertxundiak, hariztiak… ere badira. Ibai txikiek zeharkatzen dute bailara. Zenbait puntutan ura azaleratu eta putzuak eta zohikaztegi gaiak eratzen dituzte. Hezegune hauetan, anfibio eta hegaztien fauna interesgarriaz gain flora baliotsua ere garatzen da, hala nola, nenufar zuria, eta landare haragijale sorta aberatsa. Zeruan, basoaren gainean planeatuz, arrano beltzaren, zapelatzaren, sai zuriaren eta sai arrearen figurak nabarmentzen dira, Izkiko gailurretako kareharrizko harkaitz ebaki dotoreetan atseden hartu eta kumeak egiten dituztenak.
Goiko aldeetako larredi zabalak, non behi, behor eta ardiak bazkatzen diren, pertsonak bizi direla adierazten dute. Kultur ondare oparoak bailara eta mendi hauen historiaren berri ematen du: leize-zulo artifizialak, baselizak, herri gotortuak, tumuluak, karegileak, gazteluak, hondakin arkeologikoak… eta azkenik, Korres Erdi Aroko herria, eremu babestuaren mugen barruan dagoen herrigune bakarra. Gastronomiak, eskulangintzak, gertuko herrietako ohiko jaiak eta erromeriak jarduera interesgarriak izaten dira eta erakartze dute jendea ere.
Korres herrian Izkiko Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa dago. Bertan Izkiko ibilbideei eta beste berezitasun batzuei buruzko informazioa eskuratzeko aukera dago. Izkiko Parke Naturala oinez, zaldiz nahiz bizikletaz ezagutzeko aukera dago horretarako bidexka sarea egituratuta baitago. Gainera, bertako erakusketa iraunkorrean Izkiko ekosistemen dibertsitatea, parkeko fauna eta flora ezagutu daitezke, baita gizakiak ingurune horretan egin dituen erabilera eta aprobetxamendu jasangarriei buruzko informazioa ere.
Burutuko dugun ibilbide zirkularrak Izkiko Parke Naturaleko paisaia esanguratsuenetako batzuk zeharkatzen ditu. Ibilbidea Korres herrian hasi eta amaitzen da.
IBILBIDEAREN
DESKRIBAPENA
Korresetik irten eta Soila mendi aldera igotzen hasten da bidea. Soila mendiaren gailurra herriaren aurre-aurrean kokatuta dago. Gailurreraino 300 metro inguruko desnibela dago eta ia ohartu gabe bertan egongo gara. Igoera guztia baso ireki batetik zehar egiten da. Portillo Avellanedo izeneko lepora iristerakoan, eskuinera egin eta amildegiari jarraituz gailurrera geratzen diren azken metroak egin behar dira. Gailurrera iritsi aurretik “Ojo de Soila” izeneko zulo edo begi natural bat topatuko dugu harkaitzean. Azken igoera honek eta gailurrak ingurune naturalaren ikuspegi panoramiko ikusgarriak eskaintzen dituzte, batez ere parkearen zati handi bat estaltzen duten haritz eta pagoen basoenak. Bertatik Kantabriako mendilerro osoa ikusten da aurrez aurre, Leon Lokartua, San Tirso, Leongo Burua, Gazteluko Gurutzea eta Palomares mendiak.
Paisaiaz gozatu ondoren, atzera egin eta Portillo Avellanedo lepora itzuli behar da. Bertan dagoen jaitsiera malkartsu batetik jaitsi behar da. Tarte txikia da eta soka finkoez babestuta dagoenez, mendian ibiltzea ohituta dagoenarentzat ez du zailtasun berezirik. Basoan sartu eta hormen azpian dagoen hagin baso barrutik behera egingo dugu. Tarte horretan, ehun urtetik gorako eta zuhaitz berezi izendatuta dauden hagin eta ezki bana aurkituko ditugu: Antoñanako ezki eta haginak dira.
Jaisten jarraitu eta Galbaniturriko errekara jaitsiko gara. Erreka zeharkatu eta Bujanda herria aldera jaisten jarraitu behar da pistari jarraituz. Herrira iritsi baino zertxobait lehenago, pista utzi, eta eskuinera eginez gorantz egin behar da. Bujanda goitik inguratu eta La Muela gailurra bere oinarritik inguratu behar da.
Portillo Avellanedotik ia Durruma Kanpezu herrixkaraino bidea baso gerizpean egiten da. Herri txiki horretan hasten da La Muela mendiko igoera. Igotzen hasi baino lehen urez hornitzeko aukera izango dugu herriko iturrian. Eskuinera egin eta gora egin behar da, ibilbideko azken 250 metroko desnibela burutuz. Collado de la Casilla lepora iristerakoan, eskuinera egin eta azken 100 metroko desnibela igotzea geratzen da. Hala ere, igoera horri ekin baino lehen indarrak berreskuratuko ditugu bertan bazkaltzeko asmoa baitago. Haize handia badabil Durruma Kanpezun bazkalduko da.
Indarrak berritu ondoren ti-ta batean egingo dugu azken igoera eta berehala izango gara La Muela gailurrean. Gailur honek ere izugarrizko bistak eskaintzen ditu.
Gailurretik atzera egin eta Collado de la Casilla lepora jaitsi behar da. Hemendik Korres herrira jaistea soilik geratzen da. Azken lau kilometro horietan bideak beti behera egiten du. Jaitsierak haritzez eta pinudiz osatutako basoak eta zelai txikiak zeharkatzen ditu bidezidor bati jarraituz. Itzulera nahiko lasaia da, eta bertako flora eta faunaz gozatzeko aukera ematen du.