Espero baino gehiago korapilatu zaio denboraldia Hernaniko Ohorezko Erregional mailako mutilen taldeari. Hiru partiduren faltan, oraindik ez dute ziurtatu mailari eustea. Gaur arratsaldean partidu garrantzitsua jokatuko dute Zubipen, 16:00etan hasita, Beti Gazte taldearen aurka. Sailkapenean berdinduta daude bi taldeak, eta irabazten duenak urrats garrantzitsua emango du. Xabier Jauregi kapitainak argi dauka taldeak berezko maila ematen badu irabaztetik gertu egongo dela Hernani.
Partidu garrantzitsua jokatuko duzue gaur, final baten itxurakoa.
Bai, hala da. Zubipen jasoko dugu aurkari zuzen bat, sailkapenean berdinduta gaude une honetan, eta hiru partidu besterik ez dira geratzen denboraldia bukatzeko. Gaurkoa eta beste bi. Orduan, bi taldeak gaude jaitsiera postuetatik gertu, oso puntu gutxira, eta partidu honetan garaipena lortzen duenak beste indar batekin egingo die aurre bukaerako biei. Galtzen duena, berriz, aterako da oso oso minduta, testuinguru askoz ere zailago batean. Ez da final bat, baina bai hiru jardunaldiren faltan berdinduta dauden bi talderen arteko partidu garrantzitsu bat. Irabazten duena aterako da indartuta azken txanpari aurre egiteko.
Lehenengo itzulian aste ugari kateatu zenituzten garaipenik lortu gabe. Zer gertatu
zitzaizuen?
Denboraldia ondo hasi genuen, lehenengo partiduetan txukun aritu ginen. Hala ere, gero asko jaitsi genuen gure maila, lesio batzuk tarteko. Horrez gain, belaunaldi aldaketa bat ere izan dugu aurten, urte asko zeramatzaten jokalariak taldetik joan dira, eta horretara egokitu behar izan gara. Une honetan hortxe hortxe gabiltza, pixka bat hobetu nahian. Zarautzi, bigarren sailkatuari, 3-0 irabaztea lortu genuen, eta sentsazio onak izan genituen zelaian. Horrek erakusten digu gure maila emanda gai garela onenei erakusteko, eta maila hori ematen saiatuko gara orain. Denboraldi gorabeheratsua izan da jokalari aldaketengatik, eta lesioek ere ez digute lagundu.
Taldea nola iritsi da azken jardunaldietara?
Lesionatu gehienak dagoeneko taldearekin daude, bankilloa beteta daukagu, eta alde horretatik motibatuta gaude. Azkenean, ikusten dugu geratzen diren hiru partiduetatik bi Zubipen direla, aurreko etxeko partidua sentsazio onekin bukatu genuen, eta horrek gogoa pizten digu. Gure asmoa partiduz partidu joatea da, horixe da aproposena. Hiru puntu hauek oso garrantzitsuak izango dira, eta markatuko dute beste partiduei heltzeko modua.
Zuentzat garrantzitsua izango da gaur Zubipe beteta ikustea, ezta?
Bai, noski. Azken partiduan jende dexente jaitsi zen Zubipera, eta horrek ere animatu gaitu. Ikusi dugu babesa badugula, jendea une txarretan ere hor dagoela, eta Zubipe normalean baino beteago ikusteak asko pozten du jokalaria. Gaur horixe nahi dugu; euren babesarekin jarraitu eta bultzadatxoa jaso. Badakigu gure maila ematen badugu partidua irabaztetik gertu egongo garela, eta horretarako denen laguntza ezinbestekoa da. Denok batera ekinda helburutik gertuago egongo gara.