Hernanik mutilen lehenengo mailara igoera jokatuko du gaur, 20:00etatik aurrera kiroldegian, Eibarko Artesanos Juantxo taldearen aurka. Gipuzkoako bigarren mailatik, lehenengo mailara igotzeko txartela izango dute hernaniarrek jokoan, eta horretarako bi aukera izango dituzte. Gaur lehenengoa, kiroldegiko bigarren pistan. Hernaniko taldea Asier Ansa gazteak zuzentzen du, eta «ilusio haundiarekin» daudela baieztatu du. Herritarrei eskatu die, taldea animatzera hurbildu daitezela.
Ligan bigarren izan dira hernaniarrak, eta lehendabiziko lau sailkatuek jokatuko dituzte igoerako hiru postuak. Lehenengoak laugarrenaren aurka jokatuko du, eta bigarrenak hirugarrenaren aurka, ondoen sailkatu den taldearen etxean. «Gu bigarrenak izanik, hirugarrenaren aurka jokatuko dugu Hernanin». Kanporaketa bakoitzeko irabazleak zuzenean igoko dira, eta galtzaileek beste aukera bat izango dute, datorren astean, beraien artean jokatuko duten partiduan. Kasu horretan ere, ondoen sailkatu den taldearen kantxan.
Kontuak kontu, lehenengo partidu hau bakarrik jokatzea espero dute hernaniarrek. «Aurreko urtean igoera fasea jokatu genuen, baina ezin izan genuen igo», dio Ansak. Aurten ilusioa eta aukerak haundiagoak dira, taldeak denboraldian zehar erakutsi duen maila ikusita. «Talde gaztea gara, eta bloke berdinarekin jarraitzen dugu, lehenengo mailan geunden urtetik. Lehenengo mailara itzultzeko ilusioarekin gaude, esperientzia gehiago baitugu».
2021-2022 denboraldian galdu zuen maila Hernanik. «Talde gaztea da gurea; zaharrenek 25-27 urte dituzte eta jokalari potenteenek 21-22 urte. Jaitsi ginenean, oraindik ere gazteagoa zen taldea. Baina azkeneko hiru denboraldietan, bigarren mailan, blokea egonkortu dugu, eta etxean oso sendo aritu gara. Urte osoan zehar partidu bakarra galdu dugu Hernanin».
Tentsio haundiko partidua
Hala ere, gaurko partidua ez da erraza izango. Aurrean Artesanos Juantxo talde eibartarra izango dute. «Tentsio haundiko partidua espero dugu. Askotan jokatu dugu beraien aurka, eta partidu gehienak guk irabazi arren, batez ere azkeneko bi urteetan, lehia estuak izan dira. Beraiek ere irabazi izan digute. Gainera, Eibarren jokatu genuen partiduan arazo bat izan zen, eta beraien jokalari batek eraso egin zigun. Esperientzia duten jokalariak dituzte, batez ere bi».
Horrek ez du kikiltzen talde hernaniarra. Bolada onean iritsiko dira, eta igoera fase hau prestatzeko denbora izan dute. «Badaramagu hilabete bat igoera faserako sailkatuta, eta konfidantzarekin iritsiko gara».
Zaleen animorik ere ez dute faltako. «Sare sozialetan sortu dugu mugimendua, eta giro ona izatea espero dugu». Klubak herriaren babesa eskatu du asteburu honetarako, «gure talde guztiek partidu oso garrantzitsuak dituzte eta».
Asier Ansak lau urte daramazki entrenatzaile lanetan. «Klubean 13 urte daramazkit, azkeneko lau urteak entrenatzaile lanetan egin ditut, eta hau izan dut lehenengo urtea talde nagusiarekin. Jokalari izatetik entrenatzaile izatera pasa naiz, taldekide berdinekin. Aldatu egin da lana, baina oso gustora aritu naiz». Hernaniko saskibaloi taldea asko hazi da azken urteetan, eta Ansak harrobiarekin egiten ari diren lana nabarmendu du: «Lortu dugu taldeak maila onean lehiatzea, eta maila ezberdinetan taldeak osatzea».
Juniorrek eta kadete 2 taldeak ere, partidu garrantzitsuak
Esan bezala, klubeko beste hainbat taldek ere partidu garrantzitsuak jokatuko dituzte. Senior B taldeak denboraldiko azkeneko jardunaldia du bihar, eguerdiko 12:00etan kiroldegiko bigarren pistan, Internacional Intxaurrondoren aurka. «Hirugarren mailako onenekin aritu dira, igotzeko lehian. Haiez gain, gure kadete 2 eta junior taldeek itzulerako partidua dute, zilarrezko errendimendu mailako lauko finalera sailkatzeko.
Juniorrek, joanekoan Antigua Luberriren aurka 64-51 galdu ondoren, markagailuari buelta eman nahi diote etzi, 10:00etan kiroldegiko. Kadete 2 taldeak, berriz, 69-59 galdu zuen Beasainen, eta itzulerako partidua bihar jokatuko du, 16:00etan kiroldegian, kanporaketa iraultzeko.
Kadete 1 taldeak, bestalde, partaidetza mailako hirugarren postua lortzeko partidua jokatuko du, Internacional Monsen aurka, bihar 18:00etan, kiroldegian. Eta azkenik, infantil txikiek ligako azken partidua dute Tolosan, bihar 09:00etan, Take Gorri Txiki taldearen aurka. Lehenengo postua jada ziurtatuta, hurrengo astean finala jokatuko dute, oraindik aurkaria eta zelaia pendiente egonik. Partidu bakarra galdu dute denboraldian.