Goiz Eguzkiko hartubol taldeko jokalariak Madril aldera egin zuten bidaia atzo, Estatu mailako topaketan parte hartzeko. Igandean izango da hori. Joan den urtean Galiziara joan ondoren, bigarren aukera iritsi zaio taldeari kanpora bidaia egiteko.
Helburu nagusia bidaia bera da, eta bost egun giro ederrean pasatzea, beti ere hartubol partiduak erdigunean izanda. Konpetizio puntua ere ezin da ahaztu eta hori kantxan erakutsiko dute. Beste herri batzuetako pertsonekin harremanak egiteko ere balioko die topaketak.
Gauzak horrela, gaur eta bihar Segovia, Avila, Madril eta Toledo inguruak bisitatuko dituzte, eta etzi jokatuko dituzte lehenengo hartubol partiduak, Torrelodones herrian. Bertan, Madrilgo Chamberi, Todo Madrid eta Torrelodones taldeekin topatuko dira hernaniarrak.
Igandean izango da topaketa nagusia, Venturadan
Igandean burutuko dute Estatuko lehenengo topaketa, Venturada herrian. Bertan, 12 talde arituko dira jokoan, eta gehienak Madrilgo erkidegoko taldeak dira. Pontevedrako eta Hernaniko taldeak izango dira bisitariak. Inoiz Estatuan kirol honetan egin den topaketarik haundiena izango da, «baina ziur gaude epe laburrean haundiagoak egingo direla», aipatu dute Hernaniko taldeko kideek.
Goiz Eguzkiko espedizioa 22 jokalarik eta hiru animatzailek osatuko dute: 16 emakume eta sei gizonezko, hiru taldetan banatuta, denek parte hartu dezaten neurri berdinean. Azken finean, jolastea eta harremanak sortzea baita helburu nagusia.
Dagoeneko Andaluziatik, Valentziatik eta Kataluniatik harremanetan jarri dira Hernaniko taldearekin, eta gonbidapena luzatu diete 2026an hernarriarrek bisita egiteko. Bisita hori, gero bueltan jasoko lukete Goiz Eguzkikoek Hernanin, nola ez. Aipatu izan duten moduan, «Argentinatik ere jaso ditugu gonbidapenak, baina oraingoz pausoa haundia delakoan gaude. Hala ere, ez dugu baztertzen epe ertainera joateko aukera», aitortu dute taldetik.
Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkiete laguntza ematen dieten enpresa, komertzio eta entitateei: «Ken One, Electroquimica Hernani, Laboral Kutxa, Urrats, Berriak, Goiz Eguzki Jubilatu Elkartea eta Hernaniko Udala, besteak beste. Beraien babesik gabe, ezer gutxi egiteko aukera izango genuke».