Gaur emango diote bukaera, Hernani Errotzen elkarteak udaberrirako antolatutako programari. Guztira hiru hitzaldi interesgarri antolatu zituzten programa osatzeko, eta gaurkoan, Ezkutatu diguten historia izenburu duen hitzaldiak itxiko du programa.
Idoia Arrieta historiako irakasle eta doktoreak eskainiko du, arratsaldeko 19:00etan hasita, Biterin. XII. mendean kokatuko du entzulea hizlariak, eta zehazki Gipuzkoan. Izan ere, «lur eremu zehaztugabea zen garai hartan, ez zen barruti politiko-administratiboa oraindik, batzuek hala azaldu nahi badute ere», nabarmendu du Hernani Errotzenek: «Orduko Ipuskua, eta Hernani zein Donostia, Nafarroako Erresuma ziren, bai; batzuk hori ezkutatu nahian badabiltza ere. Hortaz, 1200. urtean, geroago probintzia izango zen Gipuzkoak ez zuen lurralde batasunik».