OTS dantza lanaren emanaldia bihar eskainiko du Biterin Haatik-ek

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 7a, 00:00

Haatik konpainiak eskainiko du emanaldia.

19:00etan izango da emanaldia, eta sarrera 8 euroren truke eskuratu daiteke.

Haatik Konpainiak OTS dantza lanaren emanaldia eskainiko du bihar, 19:00etatik aurrera, Biterin. Lan hau Euskal Herriko musikagintza modernizatu zuen 'Herri Gogoa' izeneko zigilu diskografiko abangoardistaren inguruko ikerketa artistiko batetik sortua da. Zigilu hau, frankismo garaian zentsurari aurre eginez, euskal kultura eta musika garaikidea sustatzeko eremu bihurtu zen, nahiz eta inoiz formalki disketxe modura existitu ez.

OTS lanak zigilu horren katalogoa erabiliz soinu-eszenografia bat sortzen du, dokumental musikal, inprobisazio eta esperimentazioaren bidez denboran eta gorputzetan bizirik mugitzen dena.

OTS Jone San Martin sortzaile eta dantzari donostiarrarekin elkarlanean egindako lana da. Koreografiak euskal dantzaren mekanismo tradizionaletatik abiatzen dira, baina ikuspegi garaikidetik birsortuak, espazioan eta taldearen dinamikan 'idazteko' modu berriak esploratuz. Ikus-entzuleek gorputzaren bidezko adierazpen intimo eta kolektibo bat biziko dute, dantzaren bidez garatutako hizkuntza emozional batean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!