Mendizorrotzan jokatu ziren Grabni txapelketako finalak, giro bikain eta lehiakor batean. Gipuzkoa ordezkatuz, Hernaniko lau pelotarik paleta goma modalitatean hartu zuten parte, eta euren mailako onenekin neurtu ziren. Hala ere, ezin izan zuten txapelik lortu Gipuzkoarentzat eta Irazustabarrena-Eizmendik eta Mazizior-Kerejetak galdu egin zuten nagusien mailan eta 22 urtez azpikoen mailan, hurrenez hurren.

22 urtez azpiko mailan, borroka eta emozioa
22 urtez azpikoen mailan, Enara Macicior eta Ane Kerejetak partidu ikusgarria jokatu zuten. Lehia oso gogorra izan zen finalean Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artean, berdinketa ugari izan zituen partiduak eta tentsio haundiko uneak bizi izan ziren. Hernaniko neskak 24-27 aurretik jarri ziren, baina Bizkaiko ordezkariek 27ra berdintzea lortu zuten. Hortik aurrera, markagailua 29-27ra iritsi zen aurkarien alde, baina hernaniarrek adorez borrokatu eta 29ko berdinketa lortu zuten. Azken tantoetan, ordea, fisikoki indartsuago agertu ziren bizkaitarrak, eta 30-29 galdu zuten hernaniarrek. Partidu ikusgarria izan zen, eta Hernanikoek maila bikaina erakutsi zuten, nahiz eta azken unean txapelak ihes egin zien.

Nagusien mailan, Nafarroa nagusi eta Maider Ardanaz protagonista
Nagusietan, Nafarroako ordezkariek nagusitasun haundiz irabazi zuten Amaia Irazustabarrena eta Garazi Eizmendiren aurka. Maider Ardanaz atzelariak erakustaldi ikusgarria eman zuen, hutsik egin gabe partidu osoan eta edozein tokitik tantoak eginez. Partidu hasieran, hernaniarrek 2-0 aurretik jartzea lortu zuten, baina ondoren nafarrek erritmoa igo eta partidu euren alde eraman zuten, hernaniarrak 12 tantotan geratuz. Egia esan, Nafarrek ez zuten aukerarik eman, eta txapela merezita eraman zuten.
Gipuzkoako hautatzaile eta entrenatzailea Maider Mendizabal izan zuten.