«Konponbiderako puzzle zatiak» lotzeko ekimena jarri dute martxan, Lesakatik Iruñera osatuko dutena, «kondena erregimen itxian betetzen ari diren presoen alde». Eta bide horretan, maiatzaren 17an izango da Hernaniren txanda, Sarek jakitera eman duenez.
Horrela, egun osoko egitaraua prestatu dute larunbat horretarako. Eguerdiko 13:00etan emango diote hasiera, puzzlea osatzeko ekitaldiarekin. Printzipioz Tilosetan egingo dute, baina euria eginez gero, Atsegindegira mugituko dute.
Ondoren, 14:00etan, argazki jendetsua ateratzeko zita jarri dute Tilosetako eskaileretan. Eta segidan, 14:30etan hasita, bazkaria egingo dute. Horri buruzko informazio guztia Garin tabernan eskuratu daiteke, Sarek azaldu duenez. 17:30etatik aurrera, gainera, bazkaloste girotua izango dute bertaratuek.
Sarek aditzera eman duenez, 58 dira zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoak, 29 herritakoak. Hain juxtu, 29 herri horiek lotuko dituen ekimena da 'Puzzlea osatu arte', maiatzaren 17an eta 18an. «Preso horiek etxerako bidea egitearen garrantzia da nabarmendu nahi duguna, beraien zigorrak erregimen irekian betez, zigorraren azken urteak etxean betetzearen beharraz. Baldintzak betetzen dituztelako, eta legeak aukera ematen duelako».